Euskararen etorkizuna «jokoan» dagoela ohartarazi dute
Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia salatzeko, Egiako Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratu dira.

Oldarraldiari aurre egiteko elkartu dira, beste behin ere. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Egiako Justizia jauregiaren aurrean. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean elkartu dira, beste behin ere, euskararen kontrako azken sententzia arbuiatzeko.
Amets Ibero Bagerako kideak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri dute adierazpena. Iberok salatu du oldarraldiak ez duela etenik: “Donostiako hau dugu dagoeneko luzeegi doan zerrenda bateko azkena. Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak egiteko zailtasuna. Sententziaz sententzia euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da botere judiziala”.
Aipaturiko ebazpenarekin, auzitegiak “hiru premisa ontzat ematen” dituela adierazi du Eskisabelek: “Alde batetik, gaztelania soilik ezagutzen dutenen gutxiengo bat diskriminatua dagoela eta babes berezia merezi duela. Bestetik, horren ondorioz, euskararen eta euskal hiztunen aldeko ekimen positiboak —asimetria soziolinguistikoa gainditzeko eta benetako koofizialtasuna lortzeko helburuzkoa— debekatutako diskriminazioa direla, gaztelania hutsezko hiztunak kaltetzen dituelako. Azkenik, gaztelania gainontzeko hizkuntzen gainetik babestu behar dela, eremu guztietan bere nagusitasuna bermatu dadin”.
Azkenaldian izan diren sententziak direla eta, “hizkuntza larrialdian” gaudela ohartarazi dute. “Orain arteko bideak ez dira aski. Larrialditik indarraldirako jauzia emateko pizkunde berri bat eragin behar dugu. Euskararen etorkizuna dago jokoan. Euskaltzaleon garaia da!”, nabarmendu du Eskisabelek.