Film errusiar bat Zinemalditik kanpo uzteko eskatu du Ukraina-Euskadi elkarteak

Ukraina-Euskadi elkarteak Zinemaldia kritikatu du, film errusiar bat izango delako aurtengo edizioan. Elkarteak gogoratu du, 2022an, Zinemaldiak Ukrainaren aurkako errusiar erasoa gaitzetsi zuela, eta “soilik ahots kritikoei” lekua emango ziela agindu zuela. Ordea, elkartearen iritziz, aurten, bada gerraren kontra posizionatzen ez den sortzaile errusiar bat: “Aurten film bat sartu dute, eta bertako ekoizleak isildu egin dira ukrainar herriaren aurkako gerra eta genozidioaren aurrean. Isiltasun hori konplizitatea da.
Hain zuzen, Anton Yarush eta Sergey Borovkov zuzendarien kontra zuzendu da elkartea, haien esanetan, “isilik geratu direnak” egungo egoeraren gainean. “Isiltzen direnak gonbidatzea ez da neutraltasuna: krimenak zuritzea da”. Zuzendari Berriak sailean estreinatuko dute filma, Chuzhie zemli / Foreign Lands filma.
Elkartea, ordea, “boikot kulturalaren” kontra dagoela esaten du eta Zinemaldiaren kontraesana da agerian jarri nahi duela: “Zinemaldiak bere hitzak bete ditzala eskatzen dugu: errusiarrak gonbidatzen badira, erasoaren aurkako ahots kritikoak izan daitezela. Kontrakoa isiltasunaren konplizitatearen eta Errusiako krimenen zuriketaren baliokidea da”.