Festarako bidea hartu dute kuadrillek

Pare bat ordu lehenago haurrek egindako bidea jarraituta, kuadrillen jaitsierak hasi ditu Porrontxoak. Ohi bezala, Txondorra aurreko plaza inguruan elkartzen joan dira lagun taldeak ezarritako orduaren aurretik, baita haiek ikusi nahi zituzten auzotarrak ere. Argazkiak atera, lehen trago eta mokaduak egin, pertsonaian sartzen joan dira. Gordegiako kideek pregoia esan eta suziria pizteko ardura izan dute. Gogoratu dute nola babestu izan duten auzoa eta bide beretik jarraitzeko nahia, baina baita palestinarren aldeko aldarria zabaldu ere. Txaloak eta oihu alaiak jaso dituzte bueltan.
Eta hala, eztanda heldu da eta bidera ateratzeko ordua heldu zaie kuadrillei. Irudimena festarako gogoaren pareko dutela erakutsi dute beste behin kuadrillek. Alegia, bizia. Ile apaindegia, suhiltzaileak, The Clockwork Orange filmeko pertsonaiak —dantzazaleak hauek erasokorrak beharrean— dutxan xalala riki riki zebilen taldetxoa, trafiko konoak, euli multzoa, mexikarrak, abilezia ugariko zirkua, entrenatzen zebiltzan militarrak, bingoko txartelak…
Presarik gabe, dantzan eta umore onez, poliki eta presarik gabe, ekin diote Plaza Haundiranzko jaitsierari eta astelehenera arte helduko den festari.































