Izena eta abizena idazten ari dira Kontxan
Lau dira dagoeneko Donostia Arraun Lagunak-ek irabazi dituen Kontxako Banderak. Hiriko emakumezkoen traineru bakarra da hori lortzen. Orotara, berriz, hemezortzi dira, gizonezko ontzi donostiarren hamalauak aintzat hartuta.

Historia bizia da Donostia Arraun Lagunak egiten ari dena. Bizirik dirauen historia da idazten ari direna, izen eta abizenarekin. Izan ere, bi klubek, Donostiak eta Arraun Lagunak-ek, indarrak batu ostekoa da gaur egun zeresana ematen ari den kluba eta trainerua. Laugarren Kontxako Bandera irabazi berri dute, badia lehiatuan, itsaso aldakorrean. Gainera, jarraian eskuratu duten hirugarrena da, 2024an eta 2023an ere nagusitu ostean. Estreinakoa, berriz, 2021ekoa astindu zuten, sentituena eta bereziena, ziurrenik.
Aurreak erakusten du atzea nola aritu arraunean. Urtetako lan onaren emaitza da Arraunek lorturikoa. «Irabaztea da gauzak ondo egitearen ondorio bat. Ondo ari gara, eta hortaz ez gara aspertzen, eta gauzak ondo egitearen bide horretan gaude», dio Itziar Eguren klubeko presidenteak. Denboraldia «ondo» prestatu izanaren ondorioa dela uste du: «Iazko urria aldera hasi ziren arraunlariak etortzen, eta askok eskaini zuten haien burua gure traineruan aritzeko. Hor talde teknikoak hartu zituen erabakiak. Orduan hasi ziren aurtengo helburuak finkatzen: liga eta Kontxa irabaztea». Baita lortu ere.
Iaz ia dena eskuratu ondoren, zaila zirudien hori bera berdintzea eta gainditzea. «Gorabeherak izan ditugu, lesioak eta bestelakoak tarteko. Esaterako, norberaren kontu pertsonalak eta laneko arazoak. Ondorioz, entrenamendu gutxiago egin dituzte batzuek. Beraz, taldearen akoplamendu denbora hori ez da nahi bezain oparoa izan. Halere, gerora ikusi da ondo bideratua zegoela denboraldia, emaitzak ikusita», azaldu du Egurenek.
Laugarrena
Kontxako sailkatze estropadarik jokatu gabeko lehendabiziko bandera da laugarrena. Horregatik ez da berezia, baina bai desberdina. «Emakumezkoen Kontxako araudiaren aldaketa kiroltasunean oinarriturikoa da. Gure eskaera ez zen sailkatze estropada saihestea, baizik eta kiroltasuna bermatzea. Orain arte, talde batek zuen esklusibotasuna, eta gu kanpoan uzten gintuzten arrazoirik gabe. Aldatzea lortu dugu, eta Euskotren ligako onenak izan garenez, txapelketa irabazita, ez dugu jokatu behar izan sailkatze estropadarik. Ez digute ezer oparitu, emaitzen saria baino ez da», nabarmendu du presidenteak.
Oraindik oso presente du Egurenek hilaren 7an eta 14an erakutsitakoa, Kontxako badian: «Egia esan, lehen igandean estropada puskatzera atera ginen, ahalik eta abantailarik handiena lortzera. Sekulako estropada eginda, hamar segundoko errenta eskuratu genuen. Besteak baino gehiago ginela sentitu genuen, baina bigarren igandea jokatu gabe, ez genuen bandera eskuetan sentitzen».
Dena dela, Kontxa oso aldakorra da dituen aldagaiengatik. «Bigarren iganderako, olatu handiak iragarri zituen, eta horrek bigarren jardunaldia are serioago hartzera eraman gintuen. Amorru ona eragin zigun, eta watioen bidez islatu genuen. Emaitza da horren erakusle. Gustuko ez genuen lehen kaletik ziurtatu genuen garaipena», esan du Egurenek.
Bosgarrena helburu
Kontxako Banderaren historian izena eta abizena idazten jarraitzeko gogotsu dago Donostia Arraun Lagunak. «Arraunlariak oso gustura dabiltza arraunean, eta maila bikainaz gozatzen ari dira. Liga eta Kontxa gehiago irabazi nahi ditugu. Gose sano horrek lagunduko digu gauzak egonkortzen», aitortu du presidentea. «Klubean baldintzak hobetzen ari gara, pixkanaka. Izan ere, arraunlariei eskatzen diegun hori eskaini nahi diegu, maila onari eusteko. Lehorrean eta uretan, denak batera joan behar dugu», gaineratu du.