«Kontxan erakutsitako maila berean aritzen bagara, besteei zailtasunak jarriko dizkiegu»
Mailari eusteko asteburu erabakigarria du aurretik Donostiarrak. Larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten jokatuko dira Euskotren ligako kanporaketak. Itxaso Uzkudun arraunlari donostiarrarekin hitz egin dugu.

Kontxako Banderako bigarren jardunaldiko lehen txanda ondo irabazi eta sailkapen orokorrean laugarren bukatu zenuten. Aurrekari ona da kanporaketei aurre egiteko?
Bai, Kontxan gure mailarik onena lortu genuen. Gure txanda irabazi genuen, hasieratik buruan jarrita. Estropada oso txukuna egin genuen, eta kanporaketei begira, maila onean gaudela uste dut.
Ligan erakutsitako mailatik gora zaudete. Blokea egonkortuta iritsi da sasoiaren bukaerara?
Egia da ligak aurrera egin ahala, taldea sendotzeko eta egonkortzeko aukera izango genuela. Aulki mugikorreko neska asko sartu dira trainerura, eta Galiziatik etorritako arraunlariak beranduago hasi ziren gurekin entrenatzen. Orduan, bagenekien taldea egonkortzeko denbora beharko genuela. Liga bukaeran erakutsi dugu puntutxo bat gora egin genuela, eta Kontxako sailkatze estropadan zein bi igandetan denboraldiko mailarik onenean aritu ginela.
Bermeoko eta Portugaleteko estropadetan lortu beharreko helburua argi duzue. Larunbatekoa izango da mailari eusteko gakoa?
Biak dira garrantzitsuak. Lehena itsasoan tokatzen da, Bermeon, eta ez dut uste mailari eusteko gakoa estropada horretara mugatzen denik. Horrela ere, han ondo arituta, Portugaleten errazagoa izango da helburua betetzea. Egia da ere, Bermeon emaitza ona lortuta lasaiago joango garela Portugaletera.
Kontxan ez zen arerio izango duzuen bakar bat ere aritu. Horrek konfiantza ematen dizue?
Bat sailkatu zen, Zarautz, baina epaileek kanpoan utzi zuten hanka sartze bat egin zutelako. Sailkatze estropadan ezustekoak egoten dira urtero, baina gure arerio zuzen horien aurretik geratu ginen. Horrek lasaitzen gaitu, hein batean, aurkariak ere dena ematen saiatuko direlako asteburuan. Akatsik ez egiten saiatu behar gara.
Mailari eusteko lau arerio izango dituzte. Batetik, Zarautz eta San Juan, ETE ligako bi onenak. Bestetik, Chapela eta Tiran, Galiziako ligan ondoen aritu direnak. Guztien aurretik geratzeko moduan zaudete?
Zarautz eta San Juan oso ondo aritu dira. Sekulako maila eman dute ETE ligan, eta Galiziatik datozen bi traineruak ere indartsuak dira. Guztiok dugu helburu bera, Euskotren ligan parte hartzea. Gainerakoek igo nahiko dute, eta guk ez dugu jaitsi nahi. Gauzak ondo egin beharko ditugu, eta Kontxan erakutsitako maila berean aritzen bagara, besteei zailtasunak jarriko dizkiegu.
Donostiarrarentzat garrantzitsua da Euskotren ligan jarraitzea. Batez ere, datorren denboraldian koxka bat gorago egiteko. Ados zaude?
Bai, mantentzea delako helburua. Traineru guztien nahia da lehen mailan, Euskotren ligan, aritzea. Maila mantentzen badugu, datorren denboraldian gure traineruak koxka bat gora egingo du. Entrenatzaileak jarraituko du, eta arraunlariak hobeto ezagutuko ditu. Oinarria ere egonkorragoa izango da, ez delako trainerua zerotik osatu beharko.