Lehia eta jolasa, ohikoari eutsi dion egitarauaren osagai nagusiak
Hirian arreta handia bereganatzen duten beste jarduera batzuekin bat egin ohi dute Loiolako Erriberako jaiek. Auzotarrei, ordea, ez zaie gehiegi axola handik kanpo gertatzen dena, bertan eta elkarrekin festez gozatzea baita euren nahia.

Zinemaldiarekin edota Porrontxoekin lotu ohi dute donostiar askok iraileko hirugarren asteburua. Loiolako Erriberan, aldiz, egutegian gorriz markatuta izateko beste arrazoi bat dute: auzoko jaiak. Gaurtik igandera bitartean, elkarrekin gozatu eta saretzeko aukera izango dute etxe ondotik urrundu beharrik gabe. Hemen daukazue egitarau osoa.
Musika Eskolako kideek emango dute pregoia eta horrekin ekingo diote festei. Ez dira azken urteetako egitarauetatik ia aldenduko, osagai gehienei eutsi baitiete; batetik, funtzionatzen duelako, eta bestetik, aldaketa askorako indarrik ez dutelako. «Dagoenak ondo funtzionatzen du eta erraza da, antolatuta dugu. Gauza berriak egiteko azpiegiturak behar ditugu eta gaudenok nahikoa lan daukagu duguna mantentzen», aitortu du Unai Urkiola auzoko bizilagunak. Gaztetxo batzuk sartu dira jai batzordera, baina belaunaldi erreleboa gauzatzeko jendea falta zaie: «Ea gazteak arrimatzen zaizkigun. Ez da erraza, gure auzoan ez dago gazte girorik».
Piknik herrikoiaren aurtengo gaia Zinemaldia da. Lehen aldiz, mozorrorik onenek saria eramango dute
Zailtasunak zailtasun, adin guztiei begirako egitaraua atondu dute, beste behin. Aipagarria da txapelketa kopurua: mozorroak, olinpiadak, xakea, musa, patata tortilla eta pintxoak. Guztietan erantzuna «oso ona» da eta parte hartzera animatzen dira auzotarrak, baina pintxo eta patata tortilla lehiaketak dira arrakastatsuenak; azken horretan, adibidez, 60-70 tortilla aurkeztu ohi dituzte. Loiolako Erriberan lehia zaleak edo lehiakorrak ote diren galdetuta, barre egin du Urkiolak. «Ez dakit hori den edo jendeari eserita diren jarduerak gustatzen zaizkion».
Oso parte hartzailea den beste ekimenetako bat Giuseppe Verdi plazan gaur egingo duten piknik afaria da. ETO DJ-ak girotua, Zazpigarren Artearen glamourraz beteriko otordua izango da, Zinemaldia aukeratu baitute gai gisa. Eta hori gutxi balitz, lehenengoz, mozorro onenak sarituko dituzte.
Arantzatxoa gazteekin badute, haurrentzat prestatutako egitasmoetan parte hartzea beti da ona. «Olinpiadetan 120 umetik gora aritzen dira. Oinarri ona dugu hor», aipatu du Urkiolak. Gainerakoan ere «auzoa beti beteta dago eta uneoro zerbait dago egiteko».
Auzotarren inplikazioaren beste adibide bat da Riber Rockers elektrotxaranga. Ikasbide Ikastolako guraso talde batek osatua, iaz egin zuen jaietan debuta, eta aurten errepikatuko dute jaietan igande eguerdia kalez kale girotuta