Physis versus Nomos taldeak 'Burdin gozoa eta arrabioa' lan berria azaleratu du

Duela gutxi plazaratu dute lanik berriena, koloretsua, azaletik hasita. Dagoeneko entzungai dago Physis versus Nomos donostiarren Burdin gozoa eta arrabioa lan berria. Haien Bandcamp atarian topatuko duzue.
Beñat Antxustegi Goikoetxeta musikaria buru duen bandak, bederatzi pieza berri aurkeztu ditu, errepertoriora gehitzekoak. Taldeko kantak Berakoa Atala estudioan grabatu zituzten Iñigo Irazoki Martikorenarekin. Abesti soilak, berriz, Ulia auzoan Antxustegik berak. Azken emaitza Irazokirekin eta taldekideekin elkarlanean osatu du.
Gitarra, mandolina eta ahotsa jarri ditu Antxustegik. Aldiz, Unai Pelayo Perez Pelax-ek baxua eta ahotsa, Xalbador Ramirez Cruzek bateria eta Eneko Sierra Latailladek saxofoia.
Kolaborazioak ere baditu diskoak. Ea goiz dan abestian Amets Aranguren Arrietak abestu du, eta Babes estaldura kantan Jone Laspiur Gorosabelek. Bestalde, Lalala abestian Arangurenek, Paxkal Irigoien Etxeberrik eta Kattalin Ezkerra Sobrinok abestu dute.
Kredituekin bukatzeko, azaleko iruditegia Jone Taberna Estombak egin du, eta Makokik maketazioa. Argitalpena, berriz, Balio Dute eta Kortxoenea Produkzioak zigiluek egin dute elkarlanean.