Uretan bustita eta hautsetan blai, Porrontxoetan murgildu dira Egiako haurrak

Egiatarrak festa egarriz egon ohi dira irailean, Porrontxoen esperoan. Heldu dira jaiak eta haurren jaitsiera izan da lehen mugarria. Lau suziriren eztandaren ondoren, Joselontxo’s txaranga martxan jarri da, eta haien doinura, Karmengo Ama kalean behera joan dira Porrontxo eta Porrontxina. Alboan dozenaka haur eta heldu zituzten. Kale bazterretan, begira zituzten beste bizilagun ugari, eta espaloietan gora eta behera korrika zebiltzan hainbat haur, buruhandietatik ihes egin nahian.
Lehen metroak eginda, ordea, Baztan hiribidearen parera heltzean, taldetxo bat eraikin baten atari parean gelditu da, Haurren Jaitsieraren ikurretako bat gauzatzeko. “Ura, ura” oihu egin dute eta gora begira jarri dira, leihoren batetik eskariari erantzungo zioten itxaropenez. Han heldu da lehen txorrotara, eta jarraian, garrasi alaiak eta barreak.
Plaza Haundira bidean errepikatu da irudi bera, batzuetan espaloiaren bi aldeetan taldetxoak osatuta. Blaitzeko nahia asetzen zuten bitartean, plazan koloretako hautsetan murgildu dira. Gainetik bota, lurretik buelta, eta errepikatu. Norberak bere buruari edo albokoari. Eta hala, musikaren doinura dantzatzeko prestatu dira. Hortik aurrera, kalejirak eta bestelakoak etorri dira.














































































