Bizikletaren erabilera seguruari buruz ikasi dute Harri Berri-Oleta ikastetxeko ikasleek

Mugikortasunaren Astean murgilduta jarraitzen du Donostiak, eta Altzako Harri Berri-Oleta ikastetxeko ikaslen parte hartzeko txanda da orain. Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak bizikletaren erabilerari buruzko hezkuntza-saio bat antolatu zuten atzorako, hilak 18, eta Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako 60-65 ikaslek disfrutatu zuten. Ordubeteko saioa izan zen, eta bi txandetan aritu ziren ikasleak.
Nozio teorikoak lantzeaz gain, hirian bizikletaz modu seguruan ibiltzeko jarraibideak eman zizkieten; hala nola kaskoa eta argiak behar bezala nola erabili, eta oinezkoen pasabideetan nola jokatu. Iñigo García Villanueva Udaleko Ekologia zinegotziak horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du: “Bizikletaren erabilera txikitatik sustatzea funtsezkoa da mugikortasun iraunkorrago baterantz aurrera egiteko”. Haurrek horrelako ekintzei esker eskuratzen duten “autonomia” ere aipatu du zinegotziak.
Atzo esperientzia aberasgarriaren ondoren, errepikatzeko aukera izan dute gaur goizean, “Jarri zure bizikleta puntuan MUGIrekin” kanpainan.