«Euskarazko aisialdia online eskainiko dugu 8-14 urtekoentzat»
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak MintzaOn egitasmoa garatuko du aurten, helburu argi batekin: euskararen ahozkotasuna modu dibertigarri, atsegin eta lasaian lantzea, etxetik. Jon Insausti Maisterrena Euskara zinegotziak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Zertan datza MintzaOn egitasmoa?
Online egingo den aisialdiko jarduera dibertigarri bat da. Eskolatik kanpo gauzatuko da beraz, eta euskara dauka ardatz, erabilera ohiturak eta ahozkotasuna indartzeko baita. Bospasei laguneko talde txikitan, solasean, gustuko gaiak partekatzen eta hizkuntza jokoan aritzen dira parte hartzaileak, dinamizatzaile gazte batekin. Bakoitza bere etxetik, edo bere arduradunek egoki irizten dioten lekutik konektatzen da, astean behin, 45-50 minutuz.
Zer helbururekin antolatu duzue egitasmoa? Zer emaitza espero dituzue?
Lehenik eta behin, parte hartzaileek euskararekin ongi pasatzeko antolatu dugu MintzaOn. Errefortzu modura ere antolatzen dugu, bai euskararen ahozkotasuna indartzeko eta baita erabilera ohiturak sendotzeko ere. Eta, jarduerak orain arte egin duen ibilbidea ikusirik, arrakasta berarekin jarraitzea espero dugu.
Joan den ikasturtean egin zen epe motzeko probaldi batean, gaztetxoak gustura aritu ziren, eta, balorazio onak jaso genituenez, aurten lehenengo aldiz, ikasturtean probatzera goaz. Urritik maiatzera eskainiko dugu, neska-mutilek orain arte jaso dituzten bizipen positibo horiek denbora gehiagoz gozatzeko.
Nola hartu dezakete parte haur eta gazteek? Eskoletan zabaldu duzue?
Bai, ikastetxeekin elkarlanean aritzen gara. Eskertzekoa da, eta, hedapenari dagokionez, beti parte hartzen dute era honetako jardueretan.
Izen ematea irailaren 23ra arte izango da, eta 8-14 urte arteko neska-mutilek parte har dezakete, baina adinaren araberako bi aldaera desberdin aurkituko dituzte: Batetik, LH 3, 4, 5 eta 6 mailetakoentzat MintzaOn dugu. Taldeak adinaren eta ordutegiaren arabera antolatuko dira. Bestetik, MintzaOn+ dago, DBH 1 eta 2 mailetan dabiltzan gazteentzat.
«Talde txikitan, gustuko gaiak partekatzen eta hizkuntza jokoan aritzen dira parte hartzaileak»
Adin tarte horretan dagoen Donostiako edozein gaztetxok parte har dezake, doan. Euskaraz jakitea da baldintza bakarra, izan ere, solasaldiak, gustuko gaiak, hizkuntza jokoak eta abar partekatuko dituzte eta, horretarako, euskaraz hitz egiteko gaitasuna behar da.
Izena emateko errazena Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren webgunera jotzea da, Donostiaeuskaraz.eus helbidera. Bertan dago jarduerari buruzko informazioa eta izena emateko gunea ere. Esan bezala, doako jarduera da, eta kontuan hartu behar da eskaerak eskaintza gainditzen badu, lekuen zozketa egin beharko dela.
Pandemia garaian egin zenuten estreinakoz MintzaOn. Nondik atera zen ideia? Zer emaitza izan zenituzten orduan, garai horren berezia izanda?
Beharrak mugiarazi gintuen. Garai zaila izan zen eta era askotako premiak azaleratu ziren, hezkuntza zein hizkuntzaren alorrean ere bai. Ordura arte, euskararen transmisiorako eta erabilerarako egitasmo gehienak aurrez aurre egiten ziren. Hori ezinezkoa zela ikusita, jolas lekuetan antolatzen genituen egitasmoak (hizkuntza jokoak, jolasak eta abar) egokitu eta online egitera ausartu ginen.
Pandemia eta gero, aurrez aurrekora itzuli ginen, mota horretako jarduerak online egiteko errezeloak zeudela ikusita. Denborarekin ikusi dugu bi aldaerak, online eta aurrez aurre direnak, osagarriak eta egingarriak direla. Gasteizen, esaterako, 200 bat gaztetxo ari dira antzeko egitasmo batean eta guk iaz egindako probak ere emaitza onak eman zizkigun.
Parte hartzaile kopuru bereziki handia edo txikia izan da auzo jakinen batean? Hiriko zona guztietako haur eta gazteek hartu izan dute parte?
Guk oraindik ezin dugu horri buruzko daturik eman, hain zuzen, izen emate betean gaudelako; eta joan den urteko probaldia txikia izan zelako. Ia 400 plaza eskainiko ditugu aurtengo ikasturtean, eta, izen emate irekia egiten denez, auzo guztietako parte hartzaileak jasotzea espero dugu; hala nahi genuke behintzat.
«Euskara erabiltzen ez den etxeetan, hizkuntza sartzeko modu bat bilakatzen da MintzaOn»
Zein egoeratan dago haur eta gazteen euskararen erabilera Donostian?
Euskararen ezagutza igo egin da azkeneko 30 urteotan. 2021eko Eustateko datuen arabera, 2 eta 14 urte bitarteko Donostiako biztanleen %91k bazekien euskaraz, eta hori datu ona da. Egia da igoeraren abiadura hori zerbait motelduko dela datozen urteetan, baina gorakadaz ari gara, beraz, hori ona da beti.
Hori esanda, Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako kale erabileraren neurketak zioen 2-14 urte artekoen erabilera %30 ingurukoa zela. Horregatik, garrantzitsua da aipatutako euskararen ezagutza horren nolakotasunari ere begiratzea, izan ere, hiztun oso, elebidun edo eleaniztun orekatu izateko, edo euskaraz eroso aritzeko lagunartean, eskolaz aparte, bestelako eremuetan ere euskara erabiltzeko aukera izan behar dute.
Zer ekarpen egiten dio erabilera horri MintzaOn egitasmoak?
Askotariko ekarpenak egiten ditu, baina nabarmenduko nuke harreman hizkuntza hasieratik euskara izatea oso garrantzitsua dela. Hau da, badakite zertarako apuntatu diren, eta, izena eman ondoren, taldeak sortzen dira. Talde horietan, Donostiako beste eskola batzuetako neska-mutilak ezagutzen dituzte, eta elkarrekin euskaraz hizketan hasten dira; horrela abiatzen da haien arteko erlazioa, eta euskaraz finkatzen da horietako askoren harremana.
Bestalde, nabarmenduko nuke euskara erabiltzen ez den etxeetan, hizkuntza etxean sartzeko edo entzuteko modu bat ere bilakatzen dela MintzaOn. Etxe batzuetan, dena delako arrazoiengatik, ez da euskara entzuten, eta egitasmo honi esker euskarak sarbidea izango du etxe askotan.
Haur eta gazteentzako beste egitasmorik antolatzen duzue edo antolatuko duzue Donostian euskararen arloan?
Bai. Ezagunenak udako jarduerak dira, Oporretan Euskaraz udaleku irekiak, eta bestelako jarduera espezifiko batzuk, baina ikasturtean ere badauzkagu. Gainera, udaleko beste zerbitzuekin eta hiriko kirol elkarteekin elkarlanean aritzen gara, eskolaz kanpoko eremua euskaldunagoa izan dadin.
Euskara zerbitzuetan askotan adierazi izan dugun moduan, beharrezkoa da aisialdian euskararekin ongi pasatzeko guneak eskaintzea, une gozagarrietan sortzen baitira hizkuntzarekiko atxikimenduaren zati handi bat eta baita erabilera ohitura asko ere. Ahalik eta esparru gehienetan eskaini nahi dugu aukera hori, eta, orain, esparru digitalean hasiko gara.
Zer esango zenieke haur eta gazteei eta euren gurasoei MintzaOn egitasmoan parte hartzera animatzeko?
Ez dutela ezer galtzeko, aukera aparta dela euskaraz egiteko eta ziur naiz esperientzia positiboa izango dela. Ez ahaztu, gainera, doan dela.