Kaleratu nahi dituztela salatu dute Groseko hiru eraikinetako bizilagunek
Azora putre funtsak «luxuzko etxebizitzak egiteko» kaleratu nahi dituztela salatu dute, bizilagunei «kalte handiak» eraginez. EH Bilduren laguntzaz, esku hartzeko eskatu diote udalari, Azora «etxebizitzarekin espekulatzen» ari delako.

Bost urte daramatzate Groseko zenbait bizilagunek prozesu bukaezin honetan murgilduta; horregatik, Groseko Bermingham kaleko 1. zenbakian, Zabaleta kaleko 65. zenbakian eta Segundo Izpizua kaleko 2. zenbakian bizi diren auzotarrek agerraldia egin zuten hilaren 12an, udaletxean, Azora putre funtsak «etxetik bota nahi dituela» salatzeko.
Honako hau da egoera: Azorak Inmobiliaria Vascongada erosi zuen 2020an, eta Groseko auzotar hauen iritziz, etxebizitzak hustutzen aritu dira, egoera «gogaikarria» izatera iritsi den arte. Azorak, ordea, auzoko hiru higiezin hauek Zurriola Blue Residencial S.L. enpresari saldu zizkion pasa den uztailean. Salmenta horrez geroztik, egoera «zaildu» egin dela adierazi dute auzotarrek, eta Jagoba Albillosen iritziz, «arazo bat» da gertatzen ari den guztia, bai beraientzat baita enpresarentzat ere: «Etxebizitzaren espekulazioaz ari gara, eta guztiz frogagarria da arazo bat dela; bestela, ez lukete nahiko gu hemendik joaterik».
Bizilagunek salatu dute Azoraren helburua «eurak beren etxetik botatzea» dela, Naiz Homes promotorak luxuzko etxebizitzak eraikitzeko: «Dirua nahi dute. Interes pertsonalak ez die ezertan eragiten», azaldu du Albillosek. Zenbaki horietan bizi diren bizilagun gehienak 69 eta 80 urte bitartekoak dira, eta prozesuak osasunean eta mugikortasunean eragingo diela dio. Azorak alokairuei jarraipena emateko konpromisoa hartu zuen etxebizitza horiek bereganatzean, baina uste du prozesua errazten duela bizilagunak etxetik kanporatzeak.
Azorak bereganatuta
dituen etxebizitzek ez dute OHZ errekargua ordaintzen.
Udalak adierazi du prozesua «martxan» dagoela
Bizilagunak, ordea, ez daude ados: «Gauza gutxi eduki zituzten kontuan, horien artean, kontratu mugagabeak ditugula. Hemen eraiki nahi badute, gu barruan gaudela egin beharko dute». Naiz Homes promotorak adierazi du, hala, badakitela «geratu nahi duenak geratzeko eskubidea duela». Hala ere, «ohartarazi» diete, geldituz gero, «gaizki pasatuko dutela», eta bizilagunek mehatxu modura hartu dituzte haien hitzak: «Informazio bat eman daiteke, edo mehatxu bat egin; euren kasuan, mehatxu tonua hartu zuen».
Naiz Homes-ek «ezinegon sakon bat» duela jakinarazi du, bizilagunek egindako akusazio «faltsu» eta «larriengatik». Haien helburua «gauzak ondo egitea» izan da, une oro: «Epe luzeko ostatu aldaketak eskaini (egungo egoeraren antzekoenak) eta sei digituko eskaintza ekonomikoak egin zaizkie». Albillosek gogoan du ostatu aldaketa batzuk eman direla, baina promotoraren «argitasun falta» salatu du: «Ez dugu informazio zehatzik jaso».
EH Bildu, ondoan
EH Bilduren laguntzaz jarri dira komunikabideekin harremanetan. Ricardo Burutaran koalizioko zinegotzia alboan izan zuten agerraldiaren egunean, eta udalaren postura salatu zuen: «Gobernu arduratsu batek herritarren alde jarri behar du, haiek babestu. Borondatearekin, udala aferan inplikatu daiteke ondorio larriak saihesteko». Hala, hirian esku hartzen duten higiezin enpresen «argazki zehatzagoa» egiteko beharra adierazi zuen Burutaranek.
Jasotako erantzuna ez zen izan, ordea, baliozkoa eurentzat: «Bueltan jaso ditugun zenbakiek ez dute aukerarik ematen planteatutako gaiei buruzko argazki zehatza egiteko». Astelehenean bildu ziren koaliziokoak Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariarekin, eta mahai gainean jarri zituzten Azorak hirian duen etxebizitza kopurua, horietatik zenbat dauden hutsik, eta zenbatek duten turismo erabilerarako baimena, baina erantzuna zehatza ez izateak etxebizitza kopuru zehatza jakitea zailtzen duela adierazi dute. Jakin dutenez, 166 etxebizitza izango lituzke Azorak gaur egun; horietatik 32 hutsik egongo lirateke eta bik soilik dute turismo erabilerarako baimena. Hala ere, salatu dute badakitela Grosen eta Amaran «gutxi bazuk badaudela». Albillosek EH Bilduren hitzak berretsi ditu: «Ia 50 edo 60 etxebizitza ditugu hirian aspalditik hutsik; gero eta gehiago hustu dituzte, hemen bizi garenoi dirua kendu nahi digutelako, diru gehiago irabazteko».
OHZ eta zatiketa horizontala
Etxebizitza horietatik guztietatik bakar batek ere ez du Ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) errekargua ordaintzen, ordezkariaren aburuz, «ez daukatelako eginda zatiketa horizontala»; hau da, EH Bilduren hitzetan, doan ateratzen zai etxebizitzak hutsik edukitzea eta, hala, «etxebizitza jabe handiek irabazten dute»: «Ulertezina da administrazioak oraindik tresnarik ez izatea egoera horiek saihesteko. Neurri berriak martxan jartzea beharrezkoa da». Albillosek ere udalaren parte hartze urria salatu du: «Sinestezina iruditzen zait udalak hau konpondu ezin izatea».
EH Bilduren udal taldea «kezkatuta» dago, horrek alokairuaren politiketan duen eraginagatik, eta aldarrikatu du «presiorik gabe bizitzea eskubide bat dela», eta beraiek «arduraz» arituko direla lanean konpromiso hori bermatzeko, enpresaren aldetik bizilagunek bizi dituzten «presioak» kontuan hartuta. «Etxebizitzarako eskubideak hiritarrak babesteko eta espekulazioa saihesteko betebeharrarekin inplikatzen ditu agintari publikoak», adierazi du Albillosek. «Udalak ez du horietako betebehar bat ere bete». Hirigintza sailak adierazi du zatiketa horizontalaren prozesua «martxan dagoela», baina, guztiz amaitu arte, ezin dela OHZ errekargua aplikatu.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak «konpromiso pertsonal» gisa hartu du gaia, eta bizilagunekin bildu zen, astelehenean. Bermatu du udalak «bizilagunen ongizatea zainduko duela» obrek irauten duten bitartean, baina EH Bilduk zalantzan jarri du berme hori. Arzallusen hitzetan, obra horiek egiteko baldintzak betetzen ziren, eta horregatik onartu zen higiezin horien birgaitze lizentzia. Groseko bizilagunak, aldiz, «kezkatuta» daude: «Noiz babestuko gaitu, ordea? Arazoak konponbiderik ez duenean, ala eraikitzen hasi baino lehen?».