Min ematen duten gauzak

Sara Fantova zuzendariaren opera prima da Jone, batzuetan, Zinegoak jaialdiaren inaugurazioan aurkeztu zena. Plaza ezin hobea, galdetzen badidazue. Ondoren heldu dira Malagako Zinemaldia —Epaimahaiaren Aipamen Berezia—, D’A Bartzelonako Zinema Jaialdia —Un Impulso Colectivo ataleko garaile— eta Atlantida Mallorca Zinemaldia —Agusti Villaronga DAMA Saria— ere. Iragan ostiralean, irailaren 12an, abiatu zuen filmak bere ibilbide komertziala eta, paraleloan, Donostia Zinemaldiko Zinemira ataleko emanaldien artean ere izango da ikusgai.
Istorio eder askoa, intimoa eta ausarta ondu du Fantovak, bere aitaren garai bateko egunerokoak ezagutzeak emandako bulkadatik abiaturikoa. Inplikazio intimo eta pertsonala, beraz, ikuslea dena aldatzen duen uda horretan murgiltzeko: lehen maitasunean, familiaren hauskortasunean eta aurrera egiteko indarrean.
Bilbo, abuztuan. Jone (20) aitarekin eta Marta ahizpa txikiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du bere parkinsonaren ondorioengatik. Aldi berean, Bilboko Aste Nagusiko jaiak hasten dira, eta Jone lehen aldiz maiteminduko da, testuinguru bizi horretan ezagutuko duen Olgarekin. Udako azken egun horiek, maite duen neskarekin bizi duen hilezkortasun sentsazioaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean dantzari igaroko ditu protagonistak.
Aste Nagusia, estasia versus etxea, gordea. Errealitate kontrajarri bi, paraleloan aurrera egin eta Joneren baitan bizi direnak. Eta filma markatzen dutenak, noski. Min ematen duten gauzak. Kalean dena da jaia. Etxetik kanpo suziriak daude, musika, zarata… eta etxean oso bestelakoa da burrunba: Aitaren gaitzak aurrera egiten du, kontrolaezin; ama ere aspaldi galdutakoak dira, eta Jone eta bere ahizpa txikia dira gaixotasuna hurbilen bizi dutenak. Behinola zainduak izatetik «zaintzaile nagusi» izatera igaro dira. Ezinbestean, etxetik kanpo bilatu beharko dute etxean apaltzen ari dela dirudien bizi hori, izan maitasunean, desiran, kilima batzuetan eta, zergatik ez, ilearen kolorean.
Eta, emaitzarik onenak ematen dituen formula hutsezinena bezala, kolektiboa da saltsa honen guztiaren hari eroalea. Pantailan zein pantailatik kanpo: batetik, festa handi horren hezurdura diren Bilboko konpartsa kideen lana azaleratuz —Kranbako eta Kaskagorriko kide dira protagonistak—, eta, bestetik, auzolan erraldoi baten gisara eraikitako film gisa aurkeztu duelako: lagunei, auzokideei, tokiko komertzioei, konpartsa kideei eta Bilbo eta Bartzelonako sare oso bati esker egin ahal izan dena.
Esan gabe doa, beraz, film eder bat aurkitzearen gozamenaz haragoko kontu bat dela Jone, batzuetan filmaren ikustaldia. Hautu bat da: kolektiboaren alde, talentu handiko belaunaldi berri baten alde, tokikoaren alde eta, behingoz, bertako begirada batetik irudikaturiko erreferenteen alde.