Ekitaldi aldarrikatzaile batean jaso du Esther Garciak Donostia Saria

73. Zinemaldiaren hasierako gala aurrera eraman zuten ostiral arratsaldean Kursaalen. Glamourrak eta aldarriek bat egin zuten Silvia Abril, Toni Acosta eta Itziar Ituño aktoreek zuzendutako ordubete luzeko ekitaldian. Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako aipamen ugari izan ziren, baita emakumeek zinema munduan bizi duten bereizkeriari lotutakoak ere. Aurkezle hirukoa, esaterako, emakumezko aktoreek aurre egin beharreko baldintzez aritu zen eta 50 urtetik aurrera “ikusezin” bilakatzea gaitzetsi zuten. Horregatik, Ituñoren hitzetan, 50 urtetik gorako hiru emakume agertokian egotea zen “arratseko irudia”. Hiru ez, beste asko irten ziren, ordea, foku azpira.
Iaz hildako Marisa Paredes aktorea oso presente egon zen saioan, aurtengo jaialdiaren kartelaren irudia izanik, baihitza hartu zutenen ahotan ere. Espresuki omentzeko, ordea, bideo bat eta Espainiako Zinema Akademiako presidente Cayetana Guillen Cuervoren mintzaldia baliatu zituzten. Baita Izarok bere Argia eta Luz Casalesen Piensa en mí abestien arteko nahasketa bat ere. Hain zuzen ere, galiziarraren kanta Paredes protagonista zuen Tacones Lejanos filmari lotua geratu da.
Beste emakume batek ere gogoratu zuen madrildarra: Juliette Binoche. Aktoreak, orain zuzendaria ere —In-I In Motion filma erakutsiko du lehiaketaz kanpo–, Emanaldi Bereziak aurkezteaz gain, norberaren ametsak adierazteak duen garrantziaz aritu zen, eta hala, bat egin zuen Gazako masakrea amaitzearekin amesten dutenekin, eta, bahitutako israeldarrak askatzeko eskaerarekin.
Zinemaren boterea
Edonola, irekiera ekitaldiko emakume nabarmenena Esther Garcia izan zen. Donostia Saria jasotzen aurtengo lehena, baina baita ekoizleen artean bakarra ere. El Deseo ekoiztetxeko arduradun Agustin eta Pedro Almodovar anaiek eman zioten farola; haiekin 70 pelikula baino gehiago egin ditu Garciak, azken 40 urteetan. Bientzat esker oneko hitzak izan zituen: “Pedroren unibertso bikain, paregabe eta ezin pertsonalagoa gauzatzeagatik, aurreiritziak apustu dituzten, mugak deuseztatu dituzten eta bai ikusleentzat bai hainbat sortzailerentzat erreferentzia izan diren, diren eta izango diren filmekin”.
Gurasoak “bizitzan erreferente handi” izan dituela esan ondoren, lanbidean hasi zeneko garaia gogoratu zituen, erraza izan ez zena. “Emakume oso gaztea gizonen munduan, prestakuntza mugatuarekin”. Erreferenteak bilatu zituen eta Pilar Miro, Josefina Molina, Patricia Ferreira eta Cristina Huete topatu. “Oso gutxi ginen, baina borrokatu ginen eta jarraitu genuen maite dugun lanbide honetan gure lekua bilatzen. Asko gelditzen da egiteko. Atzera pausorik ez, lagunok”, aldarrikatu zuen.
Hitzaldiaren amaieran, Gaza eta Ukrainako egoera ere gogoratu zituen. “Aski da. Indartsuenaren legearen korronte orokortu honen aurrean, borroka gaitezen oldarrez ahulak direnak defendatzeko” eta halakoen aurrena kulturaren boterea aldarrikatu zuen. “Zinema amets egiteko etxea eta gainera aldarrikatzeko bozgorailua da, zalantzarik gabe. Filmak mundua edertu eta hobetzeko gure tresnak dira”.
Ekitaldian, ohi denez, Fipresci saria banatu zen. Walter Salles zuzendari brasildarrak jaso zuen Ainda estou aqui “memoria eta erresistentziari buruzko” filmagatik. Aitortza eman dioten zinema kritikarientzat esker hitzak izan zituen: “Ezinbesteko aliatuak zarete ahanzturaren aurkako borrokan eta demokraziaren aldeko defentsan”, eta sari hori Zinemaldian jasotzean bereziki hunkitzen zuela azaldu zuen, jaialdiak “babes handia” eman baitio bere lanari lehen filmetik.
Horrez gain, Epaimahai Ofiziala ere agertu zen, J.A. Bayona epaimahai buruak alboan izan zituen Laura Carreira, Gia Coppola, Zhou Dongyu, Lali Esposito, Mark Strong eta Anne-Dominique Toussaint.