Zinemaldi baten bitakora: lehen alea

Udazkenak zuhaitzak kimatzen dituen gisan, irailak ere azala aldatzen dio hiri oso bati. Zinemaz janzten da egunotan Donostia, ia hiru mende laurdeneko historia duen festibalaren edizio berri bat ospatzen delarik. Guztia da egunotan frenesi eta korrikaldi. Goizetik arratsera, pantaila zuria kolorez nola margotzen den ikusiz; prentsaurrekoetan pelikula bakoitzaren atzean aurkitzen den prozesua ezagutuz, izar distiratsuenen autografoen bilaketan arituz. Zinemaldi ugari baitaude jaialdiaren baitan, bakoitzak berea du. Akreditazio txartelarekin oheratzen denarena, pelikulen sinopsirik irakurri gabe sarrerak hartuta gerturatu eta ondoren ikusitakoak konbentzitu ez eta, asaldatuta etxeratzen denarena. Trafiko arazoek kokoteraino duten hiritarra, zineman etorkizun bat bilatzea amets duen gaztea. Profil ugari eta poliedrikoa den jaialdi bat. Afizioa badugunok, behin fokuak itzalita ere butaka ohiko zaigunok, gozatzeko egunak ditugu hauek. Bada eta Zinemaldiarena, atseden bat hartu eta bi begiez gain gainontzeko zentzu guztiak ere zinemari eskaintzeko parada bikaina. Oasi zinematografiko bat, norberaren errutina errealegiaren aringarri. Ekiten diot gaurkoan Zinemaldi baten bitakora izeneko sailari, zeinak egunotan ikusitakoa, sentitutako eta barneratutakoa hitzez islatzea bokazio duen.
Ekin genion Zinemaldiaren lehen ostiralari Kursaaleko kubo handian, Sail Ofizialeko pelikulen habi. Produkzio argentinar bat mitxelin izardun jatetxeetako menuen luzera bera duen sailari ekiteko. Ia hogei bat pelikula lehiatuko dira Urrezko Maskorra nork irabaziko. Lehen alea, Daniel Hendler zuzendari eta aktorearen azken sorkuntza: 27 noches. Komedia geruza garratzekin egun mahai gainean ditugun gaiak taularatzen zituen zinta. Martha Hoffman arte bildumazale aberatsa laurogei urteak pasea da jada; bizitzeko duen era eroarekin kexu direla, alabek bere osasuna —ala beraien herentzia propioa— zaindu nahian, ama adineko zentro batean sartzen dute. Peritu batek —Hendlerrek berak ederki antzezturiko Casares epelak— bere egoera aztertu beharko du. Behin adineko aberatsak duen bakarra bizitzeko gogo erabatekoa dela frogatuta, perituak ezbaian jarriko ditu alaben erabakia eta zaintza politika bera. Entretenigarria, protagonisten kimika erabatekoak blaitua eta irekierarako keinu bikaina zinema argentinarrari. Ez dezagun ahaztu herrialdeak bizi duen egoera lazgarria, kultur politikei dagokionean batik bat.
Goizeko bederatzietarako zinema gosez zirenek bete zuten aretoa atzean utzita, prest nintzen Urumearen beste aldera joateko. Zenbat aldiz zeharkatuko ote da farola boladunek apaintzen duten zubia egunotan? Antzoki xarmanta, Viktoria Eugenia legendarioa, pelikularik loriatsuenentzat dago erreserbatuta. Perlak sailak, izan ere, gainontzeko festibaletan aurkeztutako sorkuntzak jasotzen baititu. Nouvelle vague, Richard Linklaterrek 1950eko hamarkada amaieran zinema frantsesa —eta ondorioz, unibertsala— hankaz gora jarri zuen talde apurtzaileari omen egiten dion zinta ikusteko aukera izan nuen. Proposamen interesgarria, ezbairik gabe. Jean-Luc Godard paristarraren lehen zinta —À bout de souffle— nola errodatzen den erakusten digu zuri-beltzezko oda honek. Godard eszentriko eta bohemio bat ikusten da bertan, zeinak goizeko kafealdia aprobetxatzen duen egunean zehar grabatuko dutena planteatzeko. Ez du nahi gidoirik, ez plangintza gehiegizkorik. Entsegurik ezta pentsatu ere, horrek naturaltasuna kentzen baitio kamerak arrantzatu beharreko magiari. Jean-Paul Belmondo eta Jean Seberg protagonista dituen opera prima hura arrakastatsua izan zen erabat eta Linklaterrek aprobetxatzen du lehen esperientzia, olatu berri horrek zineman suposatu zuena umorez azaltzeko. Bazkaritarako aperitibo aparta.
Zinemaldiko lehen egunak emandakoak:
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 20, 2025
27 noches | Daniel Hendler
Sail Ofiziala#73SSIFF | @irutxulo https://t.co/iJaom6Wx4u
Festibalak epizentro duen kubo parean nintzen erlojuak laurak jotzerako. Goizeko areto nagusiaren anai txikia izango nuen oraingoan etxe. Hor gauzatzen dira Horizontes Latinos eta New Directors sekzioen proiekzio guztiak, epaimahai gazteko partaideek zinta horiek aztertu eta beraien botoak banatzen dituzten bitartean. Arratseko lehena, Dominga Sotomayor txiletarraren Limpia. Soziala zinema hau ere. Txikeko familia aberats baten etxean lanean diharduen langilearen istorioa baitakar. Estela erabat dago bere bizitzarekin akituta. Nagusiek ez diote begirune handirik erakusten, bizitza sentimentala ezerezaren antzekoa zaioa eta bere ama gaixorik aurkitzen da. Konfidente bakarra, dirudunen alaba bera. Estela eta Julia haurraren artean ezartzen den harreman horrek erakutsiko dizkigu garbitzailearengan dirauten arrakalak. Tonu beltz batera eboluzionatuz, amaiera enigmatikoak erakutsiko digu behin Estelak alde eginda, Juliak bere gurasoen indiferentziaren aurrean eta zaintzailea jada etxean falta dela eta, ezingo diola absentziak horri aurre egin. Nabarmentzekoa Maria Paz Grandje aktore protagonistaren lana. Metrajea luzatzen den heinean, are boteretsuago bilakatzen baita bere presentzia erabatekoa pantailan.
Laugarren pelikulari hozka egin behar dionean batek, jada nekea ere ageria izaten da buru zein gorputzean. Zinemaldiak frogan jartzen ditu baten bizkarrak, oinak eta gainontzekoak. Kursaaleko besaulkiek —demonioaren tramankuluak, dedio— ez diote arintzen kargarik lehendik ere exijentea den maratoiari. Dena dela ere, eguneko zintarik bikainena ikustear nintzen. New Directors sailak zuzendari berrien lehen eta bigarren pelikulak biltzen ditu. Hor aurkitu ditzake batek begirada berri arras interesgarriak, bigarren paserik merezi ez luketen harrikada galantak edota etorkizunean ospetsu bilakatuko zaizkigun izen orain arrotzak. Atzokoan, Jonatan Etzler suediarraren bigarren filma proiektatu zen: Bad apples azidoa. Bikaina planteamendua, egun zoritxarrez ikasgeletan pairatzen diren bullying eta jazarpenei begiratzen dien umore beltzez jositako film luze frenetikoa. Saoirse Ronan protagonistak, irakasle gazte bat gorpuzten du. Bakezalea bera, ikasgelan elkarbizitza bilatu eta onarpen maila altua ezarri ei duena. Badu, ordea, sagar ustel bat artaldean. Bera zuzendu nahian abiatzen den gatazkak hankaz gora jarriko du bere bizitza, ikasgelako giroa erabat hobetzen den heinean. Hortxe galdera mamitsuak: gatazka ezkutatzeak, arazoa konpontzen al du? Erasotzailea ahantzi edo berau zuzentzen saiatu? Barre sorta ederra izan zen aretoan, pelikula aurrera zihoala. Erritmo bizia, rol protagonista aparta eta faktura tekniko nabarmena.
Gaua gainean genuen eta irekiera ekitaldia martxan zen Palestinako sarraskia salatzea helburu zuten protesta indartsuen artean. Hori ere bada Zinemaldia, bozgorailu erabilgarri bat. Kulturak egiten gaitu gizaki eta kulturak behar du egon lehen lerroan gizatasuna suntsitzea helburu duten jarrera lazgarri ororen aurrean. Egunari amaiera etxekoarekin eman nion. Bi sorkuntza oso ezberdin. Jesus Mari Lazkano margolariaren Natura fugit lana, egungo krisi klimatikoari buruz bere margo propioekin eratutako animazioa erabiliz hausnartzen duena. Eta Lurdes Iriondo abeslariaren bizitza eta lana biltzen dituen dokumentala: Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako. Iriondoren kantaera nostalgiko eta barnerakoi hori ardatz duen dokumentala asko gustatu zitzaidan. Baita garaiko beste hainbat emakume abeslariri —Maite Idirin, Estitxu eta beste— eginiko errepasoa. Euskal sorkuntzaren historian, urrezko letrez idatzia behar lukete beraien izena garai zailenetan pausoa aurrera eman zuten emakume sortzaile hauek. Zinemak lagundu beza, egiteke ditugunen zerrenda arintzen.