Gatibutasunean

Sail Ofiziala
Filma: Maspalomas.
Zuzendariak: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi.
Bere burua atxilotzen duen animalia bakarra gara. Errealitate gordin hori nabarmentzen du are gordinagoa den abesti batek. Horrelakoa da maiz gizakia, askatasunean bizi nahi eta gatibutasunean bukatu ohi duena. Sagarroiaren antzera, kiribildu eta gotortu ohi gara benetan desio dugun horri uko eginez. Maspalomas filmak aipaturikoa islatzen du, baina baita askoz gehiago ere. Bidaia atzerakoi bat kontatzen du, zahartzaroak barkatzen ez duelakoan.
Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak idatzi eta zuzendu du, Aitor Arregirekin batera. Goenagak berak duela hamabost urte landuriko ildo bat bueltan dakar. 80 egunean film ederra gogora ekar dezake, baina adineko bi emakumeren arteko maitasun istorio baten ordez, adineko gizonezko bat da protagonista: Vicente, 77 urteko homosexuala. Jose Ramon Soroiz aktoreak egin du haren rola, eta filmak erakusten dituen hondartza eta dunetan maskorrik ageri ez bada ere, Donostian topa dezake bat.
Vicentek erabaki erradikal bat hartzea erabaki zuen 50 urte inguru zituenean. Armairua kolpetik ireki eta atzean utzi zuen familia. Maspalomasera (Kanariak, Espainia) bizitzera joan zen haren bikotekidearekin. Betidanik sentitu izandakoa azaleratu zuen, ordura arte zeraman bizitzarekin hausteraino. Atzean utzi ohi den hori, ordea, itsatsita geratzen da batzuetan, baina oinatzei segika buelta daiteke. Vicentek hori bera pairatu beharko du. Batez ere, ezbehar propio garrantzitsu baten ostean.
Maspalomaseko askatasuna —aske maite, aske bizi—, Donostiako gatibutasun bilakatuko da, adinekoen egoitza batean aurkituko duelako bere burua. Hain zuzen ere, ezleku baten gatibutasunean jausiko da, baina berak horrela erabakita. Armairua berriz ireki, eta bertan sartuko da. Zahar etxe horrek geruza guztiak erauziko ditu, tipula batek sortzen duen efektu berarekin. Zahartzaro gordina, zaharkituaren pentsaera, aita-alabaren arteko harremana, desio ezkutuak eta beste ageri dira. Izan ere, bizitza honetan, alaitasunaren eta tristeziaren artean distantzia oso laburra dago.
Vicenteren istorioa ulertzeko heldulekuak eta giltzarriak ere badira. Alboan ditu Ramon (Zorion Egileor) laguna, Nerea (Nagore Aranburu) alaba eta Xanti (Kandido Uranga) adinekoen egoitzako gelakidea. Baita ere, Iñaki (Kepa Errasti) zaintzailea. Kontakizun hauskor bezain adierazgarria borobiltzeko ezinbestekoak dira. Maspalomas dagoeneko ez da soilik leku bat, baita film bat ere.