'La grazia': norenak dira gure bizitzak?

Perlak
Filma: La Grazia
Zuzendaria: Paolo Sorrentino
Militarrek eta juristek uste dute dena dela legea eta diziplina, eta horrek bizitzako “obligazio” batetik libratuko dituela: sentsibilitatea izatetik. Zama eragin dio jarrera horrek Italiako presidente Mariano De Santisi (Toni Servillo), agintari gisa azken egunak ari da ematen, eta bi indultuk eta eutanasiaren legeak bizitza osoa jarri dio aurrez aurre.
“Norenak dira gure egunak?” galdetzen dio alabak. Eta galdera horri bueltaka egiten du espero dugun pertsonaiaren deseraikuntza. Gutxika, sentitzeko adorea hartzen du, eta “egia gertutik ezagutzeko” bulkada, hori “ohikoa” ez den arren.
Gogoeta politikoak espero genituen, akaso, estatu buru baten azken egunetan. Baina ez. Jurista hutsaren irudia hartzen du presidenteak, inolako botere jokorik egongo ez balitz bezala. Hori da filmaren arraroena. Erabat testuinguru historikotik kanpo kokatzeko saiakera hori, eta gizakien dilema etikoak klase sozialetatik aldentzearena. Noski, berdin botako du faltan bere bizitzako maitea presidente batek eta okin batek. Baina egunerokotasunean dauden baldintza materialak ezin dira ukatu. Edo, bai, eta, azken finean, denok gara gizaki huts?
Izan ere, presidentea izanagatik ere, heriotzari beldur dio Marianok. Beldurra dio sekula ez bizitu izanari, ez sentitzeari, seme-alabak ez ulertzeari. Eta galdera: “Norenak dira gure egunak?”. Eta erantzuna: norenak izango dira, bada, ez badira norberarenak. “Grazia da zalantzaren edertasuna” esaten du une batean irudi “serio eta kultua” eraiki nahi izan duen estatu gizonak. Eta bere atzean, ekintza ororen gidaria zein den: maitasuna.
Arriskua dago maitasuna sentimendu soil gisa irakurtzekoa, eta ez, baita ere, egitura politiko baten barruan ematen diren botere bulkaden parte. Edonola ere, umore italiar dosiak eta erabat sinesgarria den argazki eta aktuazioak, galdera hauek baimentzen ditu, ikuslea galdera hauetan murgilduz, eta fikzioan bada ere, estatu buruarekin parekatuz ikusle gizajoon gogo eta beharrak.