Angelina Jolieren presentziak zirrara sortu du Zinemaldian

Ordu batzuk baino ez da hirian egon Angelina Jolie aktore estatubatuar ezaguna, baina zirrara sortu du bere presentziak 73. Zinemaldian. Azken orduan iragarri zuen jaialdiak nazioarteko izarra etortzekoa zela, eta igandean iritsi zen Donostiara, bere hegazkinak Miarritzen lur hartu ostean.
Couture filma (Alice Winocour, 2025) aurkeztera etorri zen Jolie, zinema zaleen gozamenerako. Jaialdiaren barruan eman zuen prentsaurrekoan, kritiko agertu zen bere herrialdeko, AEBetako, egoera politikoarekin, eta bere ama oroituz hunkitu zen.
Bestalde, Maria Cristina hotelera atzealdeko ate batetik ezkutuan sartu bazen ere, gaueko alfonbra gorrian, euripean zain zeuden zale guztiak agurtzera gerturatu zen Kursaaleko atarian, zirrara sortuz. Hori guztia eginda, bart joan zen Donostiatik, Londresen errodaje bat baitauka.