Hirian salatutako azken sexu erasoa gaitzetsi du udalak
Ertzaintzak Donostian izandako sexu eraso baten berri eman zuen ostiralean. Udalak elkarretaratzera deitu du astearterako.

Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiral goizaldean Donostian, sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Segurtasun Sailak helarazitako informazioaren arabera, ostegunean, emakume batek Ertzaintzaren komisarian salatu zuen gizon batek sexu erasoa egin ziola duela gutxi.
Zehazki, emakumeak ertzainei azaldu zien sare sozialetatik ezagutu zuen gizon batek sexu harremanak edukitzera behartu zuela, “zer egiten zuen eta norekin zegoen kontrolatzen ziola, eta, gainera, lagunak ikustea debekatzen ziola”, Ertzaintzaren hitzetan. Salaketa jaso ondoren, gertaera horien ustezko egilearen bila hasi zen Ertzaintza, eta ostiral goizaldean atxilotu zuten, baita egun horretan bertan agintari judizialen esku utzi ere.
Horren guztiaren aurrean, ohiko legez, Donostiako Udaleko talde guztiek erakunde adierazpen bat onartu dute, erasoa gaitzetsiz, emakumeari elkartasuna adieraziz eta laguntza eta babesa eskainiz. Era berean, elkarretaratzera deitu du udalak biharko, hilak 23, 12:00etan, Alderdi Ederren.