Isuri Gutxiko Eremuak %31 murriztu du nitrogeno dioxidoa Donostian
Isuri Gutxiko Eremuaren informazio panel bat, Grosen.Sara Ibarguren Sei hilabete dira Donostia Isuri Gutxiko Eremu (IGE) izendatu zutenetik, eta nabaria izan da aldaketa, bereziki, nitrogeno dioxidoaren (NO₂) presentzian: 2024arekin alderatuta, %19 jaitsi da, guztira %31 murriztuz.
Udalak aurkeztutako datuen arabera, hirigunean, bereziki Easo inguruan hobetu dira “nabarmen” NO₂ mailak, han baitago airearen kalitatea monitorizatzeko estazio ofizial bakarra. Aitzitik, Ategorrietan eta Tolosa hiribidean, esaterako, lehen bezala geratu da, edo pixka bat gora egin du.
Airearen PM10 eta PM2,5 partikulek apur bat gora egin dute iazko emaitzekin alderatuta, baina joera orokorra beheranzkoa dela adierazi du udalak; Iñigo Garcia Villanueva Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak positibotzat baloratu du, hala, lehen balantze hori: “Sei hilabete eta gero, norabide egokian goazela esaten dute datuek: nabarmen murrizten ari gara osasunerako oso kaltegarria den kutsatzaile bat, ibilgailuen trafikoari zuzenean lotuta dagoena”.
Herritarrenganako eragina
Sei hilabete hauetan, sarbide berezia izateko 109 eskaera izapidetu ditu Donostiako Udalak. Bi kategoriatan banatzen dira sarbide horiek: IGEX (banakako eskaerak, bizileku edota mediku beharrak dituzten pertsonenak) eta MAKU (eskaera kolektiboak, hiru matrikula baino gehiagorako baimena behar duten enpresenak). Horietatik guztietatik, 106 IGEX eskaerak dira, eta 12 MAKU.
Ingurumen Osasun Sailak gogorarazi du urteko aurreneko zortzi hilabeteetakoak bakarrik direla aipatutako datuak, eta, beraz, ez direla behin betikoak. Baldintza metereologikoen menpe dago airearen kalitatea, eta horregatik, urteko garai guztietan ez dira emaitza berak lortzen. Hortaz, inpaktua ezin da modu berean ebaluatu; udaberrian eta udan, adibidez, zailagoa da airearen kalitatea hobetzea, tenperatura altuengatik.
Garciak azaldu duenez, IGE-a ez da airearen kalitatea hobetzeko eskuartean duten tresna bakarra; mugikortasun jasangarriak ere badu zeresanik hor. Hala, kontzientziaziorako kanpaina desberdinak jarriko dituzte martxan: “Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu hiri osasungarriagoa eta bizigarriagoa hurrengo belaunaldientzat”


