Lauaizeta ikastetxean eman diote hasiera aurtengo Beldur Barik lehiaketari

Abian da XVI. Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa. Intxaurrondoko Lauaizeta ikastetxea aukeratu dute aurkezteko, gazteei zuzenduriko hainbat tailerrekin.
Lehenik, Parean Elkarteko Miren Lanzek eta Oihana Llorentek indarkeria matxistaren adierazle diren egoerei eta horiei aurre egiteko moduei buruzko hitzaldia eman diete, eta Beldur Barik egitasmoko xehetasunak partekatzeko tartea ere hartu dute. Ondoren, Anepe Acedo eduki sortzaileak sare sozialetan argitaratzeko POV (Point Of View) formatuko bideo laburrak sortzeko ikastaro praktikoa eman die.
Programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea dela adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak: “Nesken ahalduntzea lagunduz eta mutilei berdintasunaren beharraren inguruan hausnartzen lagunduz, denen parte hartzearekin gizarte berdinzaleago baten alde egingo dugu”. Emakundek sustatzen du lehiaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera.
Oinarriak
Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka, bi kategoriatan banatuta: 12-16 urte (2013-2009 artean jaiotakoak), eta 17-20 urte (2008-2005 artean jaiotakoak).
Aurkeztutako ikus-entzunezkoek gazteen jarrera kritiko, eraikitzaile eta konprometitua islatu behar dute indarkeria matxistaren aurrean. Hau da, Beldur Barik Jarrera adierazi behar dute: parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean kontsulta daitezke, baita bideoen sorkuntzarako lagungarria izan daitekeen materiala. Parte hartzea zabalik egongo da irailaren 22tik azaroaren 9ra bitarte. Izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da.
Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro eta liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 euro) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 euro) ere.
Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.