Mailari eutsi dio Donostiarrak
'Bantxa' traineruak Euskotren ligan jarraituko du datorren denboraldian. Donostiarrako mutilek, berriz, hirugarren bukatu dute Eusko Label liga.

Bizkaiko uretan zirt edo zart egin behar zuten asteburuan, eta estropada onak eginda lortu dute helburua. Donostiarrak maila emanda jarraituko du Euskotren ligan, datorren sasoian. Larunbatean, Bermeoko estropada irabazi zuten, itsasoan. Atzo, berriz, bigarren postuan geratu ziren San Juanen atzetik. Hain zuzen ere, San Juan da Hondarribiaren lekua hartuko duena maila gorenean.
Kontxako Banderan egindako lan onak mesede egin zion Bantxa traineruari, eta Bermeon oso ondo aritu ziren. San Juani ia bi segundo atera zizkioten, eta Zarautzi lau. Galiziarrak, berriz, askoz ere urrunago geratu ziren. Portugaleteko lehia desberdina izan zen, neurtua, estropada eremu ez horren erosoan. San Juanek irabazi zuen atzo, eta ia lau segundora geratu zen Donostiarra. Dena dela, Zarautz atzean uztea zen helburua, eta hori ere bete zuten.
Hirugarrenak
Eusko Label liga ere Bizkaiko uretan bukatu zen asteburuan, eta Donostiarrak sailkapen orokorreko hirugarren postuari eutsi zion —184 punturekin—. Dena dela, Bermeon eta Portugaleten ez ziren horren fin aritu. Seigarren bukatu zuten bi estropadetan. Biak Oriok irabazi zituen, irabazitako ligari beste bi bandera gehitzeko.