Urrea Iñigo Llopisentzat eta brontzea Nahia Zudairerentzat
Iñigo Llopis igerilaria, Singapurren lortutako urrezko dominarekin.FEDDF Igeriketa Paralinpiarreko Munduko Txapelketa jokatzen ari dira egunotan Singapurren, eta hasi dira emaitza onak iristen kirolari donostiarrentzat. Hain zuzen ere, Iñigo Llopisek urrezko domina eskuratu du gaur (hilak 22), hoberen ematen zaion proban, bizkar estiloko ehun metrokoan.
Gainera, marka pertsonala eta Espainiako errekorra hautsi ditu Llopisek, 1:05.29 minutuko denbora eginda. Singapurren lehiatzen jarraituko du donostiarrak, errelebo probetan eta tximeleta estiloko ehun metroko proban, asteartean.
Bestalde, Nahia Zudaire igerilariak ere domina eskuratu du egunotan Singapurren. Zehazki, brontzea lortu zuen igandean, estilo libreko 400 metroko proban, 5:03.69 minutuko denborarekin.


