Zinemaldi baten bitakora: bigarren alea

Tren oro abiatzeko beharrezkoak diren lehen metro geldoen ostean, martxa betean dugu jada lokomotor zinematografikoa. Bigarren egunerako piztuta izaten dira festibalean zehar bisitatuko ditugun zinema areto, prentsa gune eta enkontru eragile diren taberna zein txokoak. Batek ere hartua izaten dio jada erritmoa pelikulen arteko idazketa azkarrei, ezagunekin suertatutako topaketa atseginei zein gose punttua adierazten duten zantzuei. Gelditu ere egin behar baita kamera, errodajeari arnas pixka bat eman. Sail Ofizialeko filmarekin ekin genion larunbat zinefiloari. Arnaud Descheplinen Deux pianos zintarekin, hain zuzen ere. Irudi zezakeen musika ardatz zuen pelikula atsegina egingo zitzaidala. Bi pelikula sartu nahi izan ditu batean zuzendariak, ordea, eta hortxe agertu zitzaidan eguneko lehen desakordioa.
Charlotte Rampling bikainak antzezturiko pianista aparta irakasle izan zuen musikari gaztea du protagonista istorio ustez musikalak. Mathias nekatuta dago bakarlari gisa kontzertuak eskaintzeaz eta bere maisu izanak Bela Bartokek bi pianok orkestrarekin batera jo zezaten idatzitako lana Lyonen interpretatzera gonbidatzen duenean, aukera bat ikusten du bere errutina lausoarekin eteteko. Guztia izango da maisu-ikasle enkontru horretan tentsio eta zorroztasun. Elena maistra eszenatokiak uztear da eta gaztearengan irauliko du egoerak eragindako amorru eta ezinegon guztia. Exijentzia, musikari profesionalen bizitzen arrakalak, eszenatokiaren amildegi beti arriskutsua. Interesgarriak gaiak, oro har. Pelikularen zati horrek, ordea, nobela merkeenen parean kokatu genezakeen bigarren atal batera garamatza. Eta hortxe erortzen zaio bati interesa. Mathias delakoak bere gaztaroko maitale bat topatuko du hirian. Garaian emakumea, musikariaren eta egun gizon duenaren artean aritu zen duda-mudan. Gizona bat-batean hiltzeak, ikusleari begitantzen dio gertatuko den guztia: bi maitaleen kexa arteko sexu festa zimela, ezagutzen ez duen semearen ezagutza, eta abar. Ugaritan erabilitako estrategiak, hasiera batean interesgarria izan zitekeen trama bat lurperatzeko.
Zinemaldiko bigarren egunak emandakoak:
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 21, 2025
Deux pianos | Arnaud Descheplin
Sail Ofiziala#73SSIFF | @irutxulo | @sansebastianfes https://t.co/nYkT1qXmSy
Izan ere, beti da zaila tonu egoki bat aurkitzea zinemara istorioak jaurtitzean. Kartoizko artifizio sinestezina geratu dakizuke keinu zabarra. Kontrara, naturalegia dena filmatzeak indarra kendu dakioke fikzioaren lilura horri, dokumentalismoan eroriz. Arratsari ekiteko, Horizontes Latinos saileko Dolores brasildarra ikusi ahal izan nuen. Tonuz nahiko zuhurra, kasu honetan. Jokoarekin arazoak dituen Doloresen egunerokoa du ardatz pelikulak. Berea zein bere alaba Deborah eta iloba Dudarena. Emakume itxuraz indartsuak hiruak. Itxura horren azpian ezkutatzen diren beldur, desio eta ezinegonen mapa bat aurkeztu ei du Chico Teixeira zinemagile brasildarraren ideia bati jarraiki ondutako lanak. Ama-alaben haserrean sakontzea edota inguratzen dituen munduaren esplorazio zehatzagoa eskertuko genituzkeen arren, pieza txukuna iruditu zitzaidan.
Eta behin Zurriola parekoa eginda, gogo handiz heldu nion duela 50 urte hementxe bertan Urrezko Maskorra irabazi zuen Furtivos filmaren proiekzioari. Jose Luis Borauk zuzendua, izugarrikeria basatitzat deskribatuko nuke Lola Gaosen antzezpenak goratzen duen klasiko hau. Landa eremuko familia aurkezten zaigu. Ama zorrotz baten begirada maltzur hipnotikoa. Semea, berriz, amaren gonapetik apenas atera den gizajo on eta soila. Hirira azken honek eginiko bisita apurretako batean, Milagros izeneko emakume endredatzailea ezagutuko du. Komentua uzteko aitzakiarekin, eta bere bikotekidean zen gaizkilea ihes eginda dagoela eta, Angel konbentzitzen du ezkon daitezen. Erraina etxeratzeak amari suposatzen dionak erabat asaldatuko ditu guztien bizitzak. Amatasun toxikoak, landa eremuaren primitibotasuna, garaiko gizartearen isla zehatza, amodio limiterik gabea. Itzela da Borauk thriller ilun honen baitan planteatutako gai andana.
Marisa Paredesen argazki zoragarriak Kursaaleko fatxadari azala mudatzen zion heinean, gainean genuen udazken hastapeneko gaua. Azken gozoki bat begi gosetiei. Ostiralean bezala, etxeko zinema biltzen duen Zinemira sailarekin eman nion amaiera egunari. Gure herriaren iragan gertukoari erreparatzean, ugariak dira memoria aldetik landu beharreko alorrak. Frankismoaren garaiko errepresioa, ETAren terrorismo bortitza, GALen biolentzia instituzionalizatua edota tortura lazgarrien gai delikatua. Azken honi egiten dio hozka Mikelatxo Urbi Taldeak ekoitzitako dokumentalak. Sakanako eskualdean berrogeita hamar urtean zenbaturiko 149 kasuak dira abiapuntu, torturen testuinguru orokorra azaltzen digun zintarentzat. Gertuko testigantzek, biktimen hitz gordinek eta adituen azalpenek, eduki interesgarri bezain beharrezkoz blaitzen dute gure gizarteak azalean dituen zauriak berrikusteko paregabea den ariketan.
Hori ere bada eta zinema, atzera begirako etengabe bat. Berriro bizi ezingo ditugun sekuentziak bisitatzeko gonbita. Jarrai dezagun bilaketa horretan.