'Aro Berria': Komunaren koloreak eta iragan posibleak

Zuzendari Berriak
Filma: Aro Berria
Zuzendaria: Irati Gorostidi
Alemanian, 1967 Kommune1 esperientziaren ostean sortu zen RAF talde armatua. Gurean, orden kronologikoa ezberdina da: lehenik sortu zen borroka armatua (ETA eta Komando Autonomo Antikapitalistak, esaterako) eta gero komunak. Euskal Herrian, hamar urte beranduago abiatu ziren komunen esperientzia hauek, eta ez zen Uschi Obermaierrik izan bertan, eta, beraz, oharkabean pasa ziren.
Irati Gorostidi zuzendariak berreraiki du Arco Iris komunitatea, lan luze eta zorrotz baten ondorioz. Dokumentaletik gehiago du fikziotik baino, baina ez da dokumental bat. Garai batean murgiltze ariketa bat da detailerik txikiena ere zainduta. Badakizue nola Adimen Artifizialak argazki zahar batetik abiatuta ingurunea eraiki dezakeen? Artifizialetik ezertxo ere ez duen –eta inteligentetik nahikotxo– proposamen honi esker, hurbildu gaitezke unea ulertzera.
Trama ez da oso garrantzitsua, baina esaldi bakoitzak irekitzen du gogoeta berri bat: familia egitura desmobilizatzailea dela, heterosexualitatearen baitan penetraziorik eza dela antisorgailu eraginkor bakarra –Oliver Laxek proposatutako metodo tantrikoak ez duela funtzionatzen ziurtatzen du Sara Torresek–, komunitatean bizitzeak zaintzaren ardura dakarrela, Wilheim Reich gizon astunentzat “erreklamoa” dela.
Arco Iriseko tailerrek hartzen dute, espero genuen moduan, filmaren pisu handiena. Ez nago ziur denboran, baina bai, behintzat, energian. Halako hipnotismo bat sortzen du, magnetikoa, sorginkeriazkoa, eta, onartzea kostatu daitekeen arren, kuriositatezkoa. Ikusi al duzu inoiz zure burua trantzean? Beste jendearen aurrean lasai biluzten? Larrua jotzen? Xamurtasuna muturrera eramaten? Zure zein buru egitura jarri duzu zalantzan? Ausartuko al zinateke iraultzaren bat egitera? Txiki-txikia izan arren?
Lehen begi kolpean, “sekta” gisa gutxietsi daiteke Arco Iris. Kritikatu daiteke bertan ere badirela botere harremanak. Burbuila bat dela. Ameskeria bat, lilura bat, irudikeria bat. Kritika nondik egiten den, horra kritika on baten sekretua. Gorostidik komunaren esperientzia historikoaren azterketa eskaini baino, komunazaleen irrikara hurbildu gaitu, sentiaraziz, une batez, baietz, beste mundu bat posible dela.
Garaiak irakurri eta berrirakurri behar ditugu. Iragana ez da uste genuena. Etorkizuna ere, atez ate dago zabalik. Aro Berria-n eskaini zaizkigun kolore bizi guztiak erreskatatzearen alde ni. Fabrikako komite autonomoen sugetik hasi eta Peru Galbetek kantatutako maitasunaren ardoa edateraino.