Genozidioa gaitzetsi eta Israelekin harremanak etetea adostu dute udal talde guztiek, batek izan ezik
Nazioarteko Zuzenbidearen printzipioak aplikatu, eta NBEren Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak berriki ateratako ondorioak kontuan hartuta, erakunde adierazpena onartu dute.

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erakunde adierazpen bat onartu du, Gazako genozidioa salatu eta Israelekin harremanak hausteko. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak babestu dute adierazpena. PPk, berriz, kontra bozkatu du.
Hain zuzen ere, Nazioarteko Zuzenbidearen printzipioak aplikatu, eta NBEren Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak berriki ateratako ondorioak kontuan hartuta –Israelek Gazako zerrendan genozidio ekintzak egin dituela ebatzi baitu–, erakunde adierazpen hau egin dute:
1. Donostiako Udalak ofizialki aitortzen du, Israelek berak ere sinatu zuen Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko 1948ko Konbentzioan ezarritako baldintzak kontuan hartuta, Israelgo agintariek eta indarrek genozidioa egin dutela Gazan, herri palestinarraren aurka.
2. Donostiako Udalak gaitzetsi egiten du egungo Israelgo Gobernua, genozidio ekintzen arduradun gisa, eta adierazten du hango agintari nagusiek dutela, zuzen-zuzenean, palestinarrak sistematikoki suntsitzeko estrategia horren erantzukizuna.
3. Donostiako Udalak erabaki du haustea harreman instituzional guztiak, edozein arlotan (kirola, ekonomia, ikasketak, kultura edo bestelakoak) direnak edo etorkizunean izan daitezkeenak, bai Israelgo Gobernuarekin, bai eta genozidioa edo genozidioa egiteko bidea ematen duten politikak babesten edo legitimatzen dituen edozein erakunde publiko edo pribaturekin.
4. Donostiako Udala bat dator Israel Gazan egiten ari dena genozidioa dela adierazi duten nazioarteko erakundeen eta erakunde humanitarioen ondorio eta salaketekin; besteak beste, NBE, Genozidioari buruzko Azterlanen Nazioarteko Elkartea, B’Tselem, Physicians for Human Rights- Israel, Amnistia Internazionala, Mugarik Gabeko Medikuak, Human Rights Watch, Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Federazioa eta Lemkin Institute for Genocide Prevention.
5. Donostiako Udalak genozidioa geldiarazteko nazioarteko legezko betebeharrak betetzeko eskatzen die Euskadiko, Espainiako eta Europar Batasuneko erakunde publiko guztiei. Horren barruan sartzen da Israelgo Gobernuarekiko lankidetza orori berehala uztea eta krimen hori egiten lagun dezaketen arma, funts edo baliabide transferentziak etetea.