'Karmele': Belaunaldi oso bat barkuak erretzen

Sail Ofiziala (lehiaz kanpo)
Filma: Karmele.
Zuzendaria: Asier Altuna.
Bat baino gehiago egongo da nekatuta euskal zinema ari delako iraganaz eta ez etorkizunaz. Baina esan diezaiokegu gure historia ez dela kontatua izan. Eta, are gehiago: guk ez dugula, oraindik, gure historia kontatu. Nola da posible Txomin Letamendik edo Karmel Urrestik ez edukitzea kale bat, plaza bat, musika eskola bat, haien izenean? Historia ez, baina memoria gure esku dago, eta horra Karmele filmaren ekarpen ezinbestekoa.
36ko gerrari aurre eginez eta frankismoaren kontra, Eresoinka konpainiaren bidez, Europan, euskal dantza eta kantuak erakusten dituzte, Francoren kontrako aliatuak bilatu asmoz. “Amerikanoengan” esperantza guztiak jarrita dituztenez, espioi lanak egingo ditu Letamendik, Paris, Venezuela eta Bilbo lotzen dituen bidaian (Eneko Sagardoi beti bezain zoragarri). Frankismoaren kontrako borroka lehenetsiko du, Karmele bakarrik utziz behin baino gehiagotan. Are, Poliziak torturatuta erailtzen duen arte 1950ean.
Casablanca filmaren pare, beti izango dugu Bilbao sinestarazi nahi dio elkarri bikote abertzaleak. Gerraren erdian, maitasun istorioak are indartsuagoak direla ikusten dugu. Baina galtzaileak beti dira berdinak.
Karmelerengan nabaritzen da euskal amamen umore eta indarra –Laspiurrek berak onartu du bere amamak izan zituela inspirazio–. Sarkasmoz erantzuten die gizonei, ordea, inoiz ez du bere emakume rola alde batera uzten. Karmeleren zaintzaile paperean zentratzen da filma, eta, nola, borrokarako beharrezkoa den arren, bere iritziak ez diren sobera kontuan hartuak gizon abertzaleen artean. Karmeleren amak laburtzen du: “Etxe honetan, herriaren aurretik beti egon da familia”.
Zinema politikoari, dekoratuaz gain, apur bat gehiago eskatu behar zaiola uste dut nik. Film osoan alderdi bakar baten izenik ez aipatzea ere harrigarria egingo zaio bati baino gehiagori. Irudi baitu, momentu batez, beste aukerarik ez zegoela, eta, are, besterik ez zela egin. Nik eskertuko nuke Jaungoikoaren eta Lege Zarraren apologia entzutea, haien zuzen, militante horiekiko errespetuz, eta testuingurua ulertzeko.
Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizitzaren pare garatu ziren adinkideak izan ziren Kasilda Hernaez eta Felix Likiniano anarkistenak. Kasu honetan, ordea, emakumearen rola zaintzaile izatetik harago zihoan: balio iraultzaileak, konspirazioak, grebak eta fronteko batailak. Garaia oroitzeko perspektiba osoago bat emango luke.
Espero dut Karmele ikusi dugun baliabide berekin ikustea urte gutxi barru ere, Kaxilda. Eta, ahal bada, Jone Laspiur izan dadila gure miliziana.
Benedettik badu olerki eder bat: Quemar las naves. Behin garaipena lortuta, itzulerako barkuak erretzeaz hitz egiten digu. Etorkizuneko barkuak erre behar izan zituen belaunaldi oso batek Euskal Herrian, faxismoaren erruz. Karmeleren familiaren moduan zenbat eta zenbatek. Irudi horren errautsetatik eraiki dezagun, bada, herri berria.