'Las Corrientes': Barne munduaren narratiba, ur lasterrek eramana

Sail Ofiziala
Filma: Las Corrientes.
Zuzendaria: Milagros Mumenthaler.
Ez da Zinemaldirik borobilena izaten ari. Film eskasak ez dira horrenbeste, baina gutxi dira Zinemaldian buru-belarri dabiltzan lagunek aho batez eta emozio biziz gomendatutako pelikulak. Hau ez da izango horietako bat.
Lina arrakasta profesional handiko emakumea da, baina, Suitzan, sari bat jasotzeko bidaia batean, bere burua ibaira botatzeko inpultsoa sentitzen du. Ez dago hain argi buruaz beste egin nahi duen, berak ere ez daki. Baina zerbait aldatu zaio barruan.
Buenos Airesera itzultzean, ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen du. Sofia alabak eta Pedro senarrak, ordea, sumatzen dute aldaketa: “Inoiz itzuli izan ez bazina bezala da”.
Ez dakigu ondo zer gertatzen zaion Linari, eta, bere amarekin harremana dela ikusarazi nahi digu zuzendariak, batere sakondu gabe. “Inork ez du bere burua ezagutzen”, irakurtzen du koadro batean Linak. Baina hori jada bagenekien. Eta ez genuen ordu eta berrogei behar hori ulertzeko.