'The voice of Hind Rajab': Ez da isilduko palestinarren ahotsa

Perlak
Filma: The voice of Hind Rajab.
Zuzendaria:Kaouther Ben Hania (Tunisia).
Hind Rajab Hamadda eta bere sendia erail zituen Israelgo armadak Gazako setioan, 2024ko urtarrilaren 29an. Rajab, osaba, izeba, hiru lehengusu eta lehengusina bat erail zituen, baita haiek laguntzera joan ziren Ilargi Gorriko bi langile ere. Rajab izan zen, hasiera batean, bizirik geratu zen bakarra, eta larrialdi zerbitzutara deitu zuen. Hainbat orduz egon ziren 5 urteko neskatoarekin telefonoan. Dei horiekin osatu dute film sailkaezin hau.
Veneziako Zinemaldiko estreinaldiaren ostean, 23 minutuko txalo zaparrada jaso zuen filmak. Nola atera, bestela, horrenbeste min, inpotentzia, haserre, erru, erra, damu? Filma gogorra da, baina amaieran zerbait apurtzen zaizu barrenean. Bizitza erreala fikzioa baina are sinestezin eta mingarriagoa delako.
Artearen eta kulturaren munduak ezin du ezikusiarena egin. Baina ikusiarena eginda ere, ezer gutxirako balio duela esango nuke. Hind Rajab eta bere sendia duela urte eta erdi hil zituzten 350 bala jaurtiz eta anbulantziako langileak tankeaz txikiturik. Duela urte eta erdi. Eta zabaldu zen Hinden ahotsa sare sozialetan. Baina ez zuen inork entzun. Edo, bestela esanda, entzunda ere, ez zuen ezertarako balio izan. Egunero egunero egunero hiltzen dute Hind Rajab Gazan. Duela bi urtetik eta 1948tik.
Badu filmak etsigarritik haragoko mezu bat: Ilargi Gorriko langileen duintasun eta nekaezintasuna. Zaila da ulertzea nola urtez urte, egunez egun, haien sustraien eta lurraren alde borrokatzen duten, inpotentzia guztiei aurre eginez, martiri guztiak bidelagun, martiri izango direnaren etsipenez. Palestinar lagun bati entzun nion behin: “Guk ez dugu amore ematen. Ezin dugu amore eman. Ez dugu amorerik emango. Zuek ere ez”. Desgaraian taldeak atera berri duen Wafa Idris militanteari eginiko kantu poetiko ederraren bertsioan, berdin: “Sua bihotz ondoan”.
Azkenaldian asko esaten da Palestinakoa ez dela “ezkerreko” edo “eskuineko” kontua, “gai humanitarioa”, baizik. Kosta egiten zait hori sinistea. Eskuinekotik ezertxo ere ez duen Hugo Chavez Frias komandantearen hitzak besterik ez ditut eta gogoan orain: “Nire arimaren eta erraien barrenetik Israelgo Estatua kondenatzeko aprobetxatzen dut. Madarikatua zu, Israelgo Estatua! Gora Palestina askatua!”.