Txaparreneko tunelaren puntu kritikoa hobetzeko proiektua onartu dute

Donostiako Udalak onartu du Txaparrene pasealekuko tunelaren puntu kritikoa eta oinezkoen zein txirrindularien arteko bizikidetza hobetzeko proiektua. 61.606 eurokoa da aurrekontua eta bi hilabetekoa egikaritze epea.
Txaparreneko oinezko eta bizikletentzako tunela hiriko Ekialdeko Barrutia eta hirigunea lotzeko azpiegitura nagusietako bat da. Tunel hori egunero erabiltzen dute oinezko eta txirrindulari askok, baina hiriko mugikortasun sisteman duen garrantzia gorabehera, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna arriskuan jarri ditzaketen hainbat gabezia ditu.
Aipatu moduan, proiektuaren helburua da tunelaren gune kritikoa eta oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza hobetzea. Horretarako, tunel hori oinezkoentzat atseginagoa eta seguruagoa izan dadin lagunduko duten zenbait jarduketa definitu dituzte: egungo bidegorriko zoladuraren ordez oinezkoentzako zein txirrindularientzako zoladura bateragarria jartzea, eta tunelaren egungo bederatzi fokuen ordez hamalau argi berri jartzea, inguruko argiztapena hobetzeko.