'Ballad of a Small Player': Alferrikako autosuntsiketa

Sail Ofiziala
Filma: Ballad of a Small Player
Zuzendaria: Edward Berger (Alemania / Erresuma Batua)
Zer egin zure bizitza irteerarik gabeko tunel batean sartzen denean? Izan zorrak, izan mamuak, zulo sakonean gero eta gehiago sartzea bilatzen dute pertsona batzuek, autosuntsiketa bihurtuz haien etxe seguru bakarra.
Colin Farrell aktore ezagunak jokatzen duen Lord Doyleren egoera horixe bera da. Txinako Macao hirian dago, ez aurrera ez atzera, duen dirua neurri gabe xahutuz apustu etxeetan, eta zorrak gehituz eta gehituz. Hasieratik ikusten dugu eraiki duen pertsonaiak ez duela asko iraungo, eta, batetik edo bestetik, lehenago edo beranduago, harrapatuko dutela. Zorte-kolpe bat iritsiko dela espero du Doylek, “estatistikagatik” tokatzen zaiola ziur dago. Baina, zertarako nahi du irabazi, gero dena berriro galduko badu?
Eraiki duen pertsonaia ez da sostengatzen bi arrazoi nagusigatik. Bat, dirua, bistan da. Bigarrena, klasea. Dirua izan arren ez dio inoiz utziko “Irlandako langile klaseko mutiko bat” izateari utziko. Klasea herentzia kontua da: “Belaunaldiz belaunaldi ikasi dugu hiltzen”.
Doyle zulo bete-betean dela iristen zaio zorte-kolpea eta horrekin zer egingo duen da pelikularen jakin-min bakarra. Ea dena pikutara botako duen berriz, edo, heroi baten moduan, eraldaketa etorriko den.
Trama ondo eramanda dagoen arren, inora ez daraman bidea da pelikula hau. Alferrikako tentsio eta bueltak, bukaeran, alferrikako amaiera emateko. Sail Ofizialaren mailaren batez bestekoa behera doa, eta Macaoko argiek eta izarrek ez dute hori disimulatuko.