Galtzeak ez du balio
Realak Mallorca hartuko du etxean, 21:30ean. Bi taldeak garaipen baten premian dira, oraindik irabazi ez dutelako.
Mikel Oiartzabal kapitaina, Anoetan Real Madrili egindako gola ospatzen.Reala Denboraldi hasiera beldurgarria darama Realak. Bost partida jokatuta, bi berdindu eta azken hiruak galdu ditu. Porroten bolada txarrak nabarmen gaiztotu du giroa, eta zaleak erantzukizunen eskean hasi dira. Batez ere, Sergio Francisco entrenatzailea seinalatu dute, baina zerrendan hurrengoak dira Erik Bretos kirol zuzendaria, Jokin Aperribai presidentea, eta, noski, jokalariak.
Txuri-urdinek Mallorca hartuko dute gaur, Anoetan (21:30). Realaren puntu berberak ditu, bi, eta biak daude jaitsiera postuetan Gironarekin batera —kataluniarrek ere bi puntu dituzte, San Mamesen berdindu berritan—. Gaur gauean galtzeak ez du balio, eta berdintzeak ez du arinduko egoera. Beraz, etxeko lehen garaipena lortzea da Realaren bide bakarra. Entrenatzaile eta jokalariek ez dute finaltzat hartu neurketa, baina jakin badakite zenbaterainoko garrantzia duen. Galtzen bada, are gehiago galduko dela aurreikusten da.
Atzean eta aurrean
Jokoan izan diren hamabost puntuetatik soilik bi zenbatu izanak, agerian utzi ditu Realaren gabeziak. Atzean bigun eta ahul azaldu da jokaturiko partida guztietan, eta egindako akats larriek kondenatu dute. Aurrean, berriz, kalitatea eta indarra falta ez bada ere, golak dira behar direnak, eta horiek egiteko zailtasunekin dabil taldea.
Deialdiari dagokionez, atzeko lerroa osatzeko arazoak ditu Sergio Franciscok. Jon Martin 23 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin ari da Munduko Txapelketa prestatzen, eta Aritz Elustondo minduta dago. Beraz, erdiko atzelariak nortzuk izango diren argi dago: Igor Zubeldia eta Duje Caleta-Car.
Hegaletan, berriz, Jon Mikel Aramburu eta Sergio Gomez espero dira hasierako hamaikakoan. Erdiko lerroan, berriz, hainbat aukera ditu entrenatzaileak: Jon Gorrotxategi, Carlos Soler, Pablo Marin eta Brais Mendez. Lau horietatik hiruk jokatuko dute. Azkenik, aurrealdean, Mikel Oiartzabal kapitaina ariko da, ezustekorik ezean. Harekin batera, Take Kubo, Ander Barrenetxea edo Goncalo Guedes aritu daitezke hasieratik.


