'Her Heart Beats in Its Cage': Noiz arte preso ohi?

Sail ofiziala
Filma: Her Heart Beats in Its Cage.
Zuzendaria: Qin Xiaoyu.
Imajinatu zure bizitzak pelikula baterako ematen duela. Eta, ariketa terapeutiko batean, zuk zeuk erabakitzen duzula zure rola egitea. Ego trip-a izan daiteke batzuetan. Ariketa terapeutiko sakona da kasu honetan.
Etengabeko erasoengandik babestuz, Liao Hongek bere senarra hil zuen, bere burua defendatu asmoz. Kartzelan hamar urte igaro ostean, aske geratu eta bere semearekin harremana berreskuratuko du. Ez da erraza: bere senarra zenaren amarekin bizi da eta ez dute, ulertzekoa denez, harreman sobera ona.
Hirira mugitzen dira ama eta semea lan aukeren bila. Baina ez da erraza. Mendebaldeko ohitura hipokritekin alderatuta, jendeak ez du ezkutatzen Hongen iraganarekiko kezka, behin eta berriro gogoraraziz, are, lotsaraziz. Edonola ere, kezka hori mahai gainean jarri, eta ez diote aukera berririk ukatzen. Lana lortzen du, beraz, baina ez da erraza bizimodu berrira egokitzea: “Kartzela leku guztietan dago”.
Film txikia irudi arren, zer kontatua ondo aukeratuta dago. Kartzelatik ateratzean dauden beldur eta ezintasuna guztiak islatuz. Hamar urteek “amets bat” dirudite, eta bizitzak jarraitzen du, beti izan den moduan, zaila izaten hor kanpoan. Nork kudeatzen ditu giza harremanak inolako gatazkarik gabe?
Sarrionandiak badu poema bat, zeinetan galdetzen dion armiarmari ea noiz arte egongo den preso. Armiarmak haria luzatzea eskaintzen dio, aukera gisa –baflearen ideiarekin erantzun ziezaiokeen iurretarrak–. Oier Gonzalez Antiguan bizi den preso ohiak poemaren bariazioa egin zuen:
Preso ohia trenean eserita,
bakarrik mintzatzen bezala.
Baina ez, bagoiaren sabaietik behera doan
armiarma bati galdetzen dio.
Noiz arte preso ohi?
Armiarma haria luzatzen doa.
Eta badirudi, hari luze hori dela erantzuna.
Baserri, pinu eta porlana
paisaian desagertzen da.