Mikel Zabalzaren erailketaren 40. urteurrenean, 'Hemen ez dago gidaria, non dago?' leloa berreskuratuko dute
Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, autobus batek Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko ditu.
'Mikel Zabalza 40 urte gogoan' egitasmoaren aurkezpena, Iruñeko Plazara aretoan.Mikel Zabalza Gogoan Azaroaren 26an 40 urte betek dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta erail zuenetik. Hori dela eta, Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoa aurkeztu zuten atzo, Iruñean. Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, Dbuseko langileek, Torturatuen Sateak eta Egiari Zor fundazioak bat egin dute aipaturiko egitasmoa aurrera eramateko.
“Memoriaren haritik tiraka” sortu dute aurten garatuko duten egitasmoa. Zabalza Donostiako autobus konpainiako langilea zen 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta hil zuenean. Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu asko eta greba orokor bat egiteraino. Zabalza desagertua egon zen 20 egunetan izandako protesten artean, bere lankideek egindakoa gogoratu dute: “Donostiako Udaletxeraino autobus batean zintzilik eraman zuten pankartak honela zioen: Hemen ez dago gidaria, non dago?”.
Berrogei urteren ondoren, protesta hura berreskuratuko dute. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra –Zabalza desagertua izan zen egunetik Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arte—, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. “Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko helburuz, autobusak erakusketa bat izango du barruan. Eta, tokian toki, hainbat ekintza antolatuko ditugu autobusaren bueltan”, azaldu dute.
Egitasmoaren abenduaren 14an emango diote bukaera, Donostian egingo duten ekitaldi nagusi batekin. Bulebarrean izango da, 12:30ean. “Belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur ere gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoan berresten gara. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik beste inor geratuko ez zaiola bermatu dezagun”, nabarmendu dute.


