'Olmo': Nerabezaroaren zuhaixka

HORIZONTES LATINOS
Filma: Olmo
Zuzendaria: Fernando Eimbcke (Mexiko)
Pelikula txiki bezain maitagarria da Olmo. Mexiko Berrian kokatua, AEBn, aita ezindua duen familia baten historia da hau. 14 urte ditu Olmok eta kosta egiten zaio aitaren egoera onartzea, eta dagozkion zaintza lanen ardura hartzea. Nerabezaro betean dago eta bere bizilagunarekin erabat maitemindua –edo obsesionatua–. Neskatoak festa batera gonbidatzen ditu musika aparatua eraman ezkero, eta, noski, Olmo eta bere ezkutari Miguelitok ahalak eta bi egingo dituzte festara joan, eta lehenengo muxua lortzeko.
Bikote perfektua dira Olmo eta Miguelito. Nerabe on moduan, ideia mordoa dituzte, eta denak ateratzen dira gaizki. Sotilki, gazteen porrot txikietan eraikitzen da narratiba, irri eta auzo-lotsaren artean, baina nerabeek duten purutasun infinitua islatuz. Zinemaren magia da hauxe: nola islatu horren ondo garai bat.
Total, Olmoren atzean ikusten dugula zein zaila den familia migratzaile batentzat bizitza aurrera ateratzea, zein zaila diglosia (gazteek ingelesez egiten dute film osoan, helduek, gazteleraz), zein zaila zaintza lanak, zein zaila maitasuna (gaztetan zein heldutan), zein zaila nor zaren jakitea… eta zein erraza erridikulua egitea. Oxala berriro bizitzea lehenengo aldiz lotsa iturri guzti horiek, atzetik zekarten urduritasun eta ilusio eta energia tonekin.
Pelikula txikia izanagatik, baditu une gogoangarriak eta, batez ere, pertsonaia ederrak.