'Shape of Momo': Hiriko arauek ez dute balio landan

Zuzendari Berriak
Filma: Shape of Momo.
Zuzendaria: Tribeny Rai (India).
Dostoievskiren zalea da Bishnu (Gaumaya Gurung). Indiako Sikkim eskualdean bizi da, Butan, Txina eta Nepalekin muga egiten duen mendi giroko herrixka batean. Delhitik etorri da, hileta batera, eta herrian geratzea erabakitzen du, lana galdu duelako eta ez duelako onartu nahi.
Amona, ama eta ahizpa ditu etxean eta haien harreman goxoa da filmaren muina. Goxotasun horren atzean badira arazoak, noski. Hiriaren arauekin dator landa eremura Bishnu, eta, nahi ez zuen tokian arazoak sortu ditu. Amari asko axola zaio herrian zer pentsatuko duten, eta alabak ez du hori aguantatzen.
Txutxu-mutxuei kasurik ez egitea nahi du Bishnuk, eta, honela, bere ustez ondo dagoena egiten du: legez kanpoko etxola eraiki duten etorkinak salatu, haien lurrengatik alokairu osoa kobratu, etxeko mutilari zer egin behar duen agindu… Ama sutan jartzen da, amari asko axola zaiolako herriak zer esango duen haietaz. Eta herrietako bizitza itogarria izan daitekeen arren, arrazoirik ez zaio falta: amak herrian elkarbizitzen jarraitu nahi du; alabak, berriz, ez.
Indibidualismoaren eta bizimodu kolektiboaren arteko talkak ikusten dira hemen. Ezer erromantizatu gabe, mahai gainean jarriz, perspektibak aldatzen ikasi behar dela. Errua ez da fruta batzuk oparituz garbitzen. Nekazariek badute duintasun nahikoa sagarrak maldan behera botatzeko.
Zinemaldiak badu zerbait gorrotagarria. Eta da pedantekeriaren igoera esponentzialean erortzeko arriskua. Entzun diot tipo bati: “Hori gertatzen zaizu istorio bat kontatzea nahi duzulako. Istorioetan pentsatzen duzue eta zinemaz ahazten zarete”. Kontrakoa esango nioke nik: zer demontre ari zara zinemaz hitz egiten? Bizitzaz hitz egin dezagun!
Film eder honek bizitzaren alderdi hauskorrez hitz egiten du. Nola, begi bistan arazorik ez den arren, pertsonen arteko harremanak ozpindu egiten diren, oso ondo jakin gabe zergatik. Norberak bere bidea bilatu behar du. Eta bidea asmatzeak ez du ezer bermatuko. Behin hori onartuta, dena da errazagoa.