'Un poeta': Poeta kaxkar bati irri eta erruki

Horizontes Latinos
Filma: Un Poeta
Zuzendaria: Simon Mesa Soto
Imanol Larzabalek abesten zuen bera poeta kaxkarra zela. Ez da poeta gisa pasa historiara, hori egia da, baina poeta kaxkarra izateko bizitzaren mikatzean jaso behar dituzu ostikada gehiago. Benetako poeta kaxkarra, kaxkarretan kaxkar, petral eta ezdeusena da Oscar Restrepo.
Bizitza osoa poeta madarikatu gisa bizi da, amaren bizkar, mozkortzen eta bere hurrengo liburu handiaren zain. Pena ematen du gajoak, eta denek lagundu nahi dute horrexegatik, penagatik: “Poeta bat naiz” , “Ez, langabetu bat zara”. Yurlady nerabea ezagutu eta bere poemekiko benetako maitasuna sentitzen du Oscarrek. Indarra ematen dio alkohola utzi eta bere alabarekin harremana berrartzeko. Dena hasten da ondo joaten, dena pikutara joaten den arte.
Kasu honetan, Mesak zuhur jokatu du, eta ez da Oscarren errua izan guztia. Gaizki ulertu, zurrumurru, egia erdi eta norberaren ipurdi salbatzeak daude Oscarren erorialdiaren atzean. Nork sinistuko du poeta galtzaile bat? “Poema triste bat” da Oscar, bizitzak leku ilunetan jarri duen arren, bere koldarkeriak are ilunagoetara daramalako. Tragedia bat nahi du, uste duelako biktimaren rola jokatuta, desgraziak pilatuta, bere poesiarekiko errekonozimendua iritsiko dela. Biktimaren papera ondo betetzea, hori da egiten dakien bakarra; “Sufrimendua dagoen lekuan, lur sakratu bat dago poesiarako”, esaten digu, Wilde zitatuz.
Horren erridikulua da pertsonaia, egiazkoa bihurtzen dela. Horren patetikoa, epaitu gabe enpatizatzera iritsi zaitezkeela. Nork ez du utzi, inoiz, bere bizitza pikutara joaten, beste ezer egiten ez zekiela uste zuelako? Urteetara konturatu zaitezke koldarkeria ariketa besterik ez zela izan?
Lau eszenatan, Bronca Buenos Aires diskoa ekarri dit une oro Un Poeta-k. Ezin da pertsonen gainetik jarri poesiarik. Baina pertsonek jar dezakete hiriaren gainetik poesia: amets bat betetzea, begirada berriak asmatzea. Barkatzen ikastea. Eta aldatzea. Noizbait barre egingo dugu gure tragediez, Oscar Restreporekin barre egin dugun maneran.