Unax Betelu Gipuzkoako txapeldunordea da, 23 urtez azpiko mailan
Afizionatuetako denboraldia ezin hobeto bukatu du Jira Bira taldeko txirrindulari donostiarrak.
Unax Betelu —erdian–, zilarrezko dominarekin.Jira Bira Ondo baino hobeto bukatu du afizionatuetako lehen denboraldia Unax Beteluk (Egia, 2006). Ataungo San Martin proba jokatu zen igandean, egutegiko azkena, eta Gipuzkoako txapelketarekin bat egin zuen. Hau da, egun berean izan ziren lasterketa bera eta txapelketa.
23 urtez azpiko mailan, Betelu (Jira Bira) izan zen Gipuzkoako txapeldunordea, haren taldekide Igor Iriarte txapeldunaren atzetik. Horrela, Egiakoak zilarrezko domina eskuratu zuen. Hain zuzen ere, Jira Bira taldeak erabaki zuen Iriarte izatea txapelduna eta Betelu txapeldunordea. Biak denbora berean sartu ziren helmugan —hamalaugarren eta hamabosgarren postuetan, hurrenez hurren—, probako irabazlearengandik minutu eta erdi ingurura.
Ataungoa da afizionatuetako estreinako sasoian lortu duen posturik onena. Aldiz, hogei onenen artean beste bi probetan ere sailkatu zen: Berriatuako San Gregorio sarian (17.) eta Markina-Xemeingo lasterketan (16.).
IRUTXULOKO HITZAk jauzia egin aurretik elkarrizketatu zuen Betelu gaztea.



