'Bugonia': Konspirazio teorien alde
'Bugonia' filma. Perlak
Filma: Bugonia.
Zuzendaria: Yorgos Lanthimos (Grezia / Erresuma Batua).
Suposatzen dut Lanthimos dela tipo bat edo maitatzekoa edo gorrotatzekoa. Ni ez naiz sobera aditua bere filmografian, eta ez diet kasu askorik egin bere kritikariei. Eskerrak. Aurrejuzgurik gabe ikustea gomendatzen diot irakurleari.
Zientzia fikzioaren eta umore absurdoaren tartean, erritmo frenetikoa hartzen du, tentsio gore pintzelada batzuekin. Eta absurdorik absurdoenera eramaten dute Teddy eta Donny konspirazio zaleen asmorik serioena. Michelle enpresaria bahituko dute Andromedako izakia delakoan. Emma Stonek bere bertute guztiak aterako ditu bere buruari sinetsaraziz, baietz, estralurtar bat dela.
Ez dakit nola egiten duen, baina begirada batekin bost sentimendu adierazteko gai da, eta, berez, istorio tristetxo bat zena, obra super dibertigarria bihurtzen du. Entretenimenduzko film bat, baina gutxienez, benetan dibertigarria. Gidoian ematen dira sorpresak, eta horrelako pelikuletan, sorpresa bat da hori.
Konspirazio teoriak eta gizartearen polarizazioa ditu erdigunean filmak. Puntu barregarri hori, ordea, ez da filmarena: gizarte neoliberalaren estadio hau bera da erabat irrigarria bihurtu dena. Konspirazio teoriei entzutea kentzeko modu onena da, hain zuzen, oso serio hartzea.


