Herenegun taldea 'Atzera begira' jarri da, aurrera egiteko

Antiguako Herenegun zortzikoteak Atzera begira hirugarren diskoa argitaratu du. Balaunka zigiluaren arabera, zortzi abestiko lanak orain artekoari “ukitu berri bat” ematen dio, estilo nahiz doinu aldetik: “Orain arte lantzen zituzten estilo eta soinuak mantentzen dituzten arren, taldeak adar berrietara jotzeko apustua egin du, besteak beste elektronikaz janzten den pop-rocka nabarmenduz”.
Kanten letrei dagokienez, gaur egungo munduarekiko kezka, denboraren izaera geldiezina eta maitasuna dituzte hizpide, besteak beste. Lan berriak heldutasun maila nabarmenagoa duela dio Balaunkak, eta Borja Antonen ekoizpenak horrekin harreman zuzena duela gaineratu dute. Bestalde, bi kolaborazio berezi ditu diskoak: Idoia Asurmendi eta Marte Lasarte.