'Historias del Buen Valle': Edo tokikotik kontatu daiteke mundu guztiaren historia

Sail Ofiziala
Filma: Historias del Buen Valle.
Zuzendaria: Jose Luis Guerin.
Jakin nahiko nuke nola egin duen lan Jose Luis Guerinek. Bartzelonako auzo marjinatua da Vallbona, eta bertako bizilagunen barru-barruraino sartu da pelikula. Haien bizipenekin osatzen da filma, eta fikzioaren eta dokumentalaren artean, bene-benetakoak diren komunitate eszena eder eta autentikoak erakusten dizkigu.
“Inork ez diezadala gaizki hitz egin Vallbonaz”, dio, negar malkotan, herriko agure batek. Gaztea izan zen, ederra, tangoan dantzari fina, eta zendu den bere emaztea dauka gogoan. Hildako emaztea, eta, desagertzen ari den auzoa. “Ez zegoen bera bezalakorik… Behintzat, niretzat”.
Mendeetan aldatu ez den kultura proletarioaren ezaugarrietako bat da umiltasuna. Jakitea norbere bizitza garrantzitsua izango dela, betiere, besteenarekin parekatzen denean. Katebegi batean gaudela loturik langile guztiak.
Umiltasun horri esker badakite Vallbonako bizilagunek lurra landatu behar dela errespetuz, eta loreei hitz egin behar zaiela. Eta inork ez duela gutxiespenik merezi: payes eta casheroak, moro eta morak, errusiarrak eta ijitoak, denak direla, moduren batean, berdinak.
1.500 laguneko auzoak jasotzen ditu mundu osotik, arrazoi ezberdinengatik, ihes egin dutenak. Auzo baten bizitzatik kontatu daiteke mundu osoko historia. Badakizue, mundu osoa da tokikoa.
Filmak arazo bat badu, da, nire ustez, kontatzea ez dela nahikoa. Zertarako kontatu da gakoa. Antropologiaren eta folklorizazioaren soka motzean egin daiteke dantza bestela, sentsibilitate handiz egiten den arren.