Irabazteak balio du, bai
Realak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Anoetan, Mallorca mendean hartuta (1-0).

Seigarren jardunaldian iritsi da lehena, etxean eta etxekoekin. Realak behar zuen garaipena eskuratu zuen atzo iluntzean, Anoetan. Txuri-urdinek partida ona jokatuta irabazi zioten Mallorcari (1-0). Gol bakarra egin arren, gehiago sartzeko aukera garbiak izan zituzten. Dena dela, ate aurrean asmatzen ez denean, hobe norberaren atea zaintzea. Hau da, golik ez jasotzea. Helburu hori ere bete zuen taldeak, eta, horrela, errazagoa da irabaztea.
Hiru puntuk balio bikoitza izan dezakete, batzuetan. Batetik, batzen diren zenbakiak dira, eta, bestetik, lasaigarriak. Atzoko garaipenak, beraz, balio bikoitza dauka. Sergio Francisco entrenatzaileak arnasa hartu zuen, nolabait, eta baita jokalariek ere. Esanguratsua izan zen Mikel Oiartzabal kapitainak sarturiko golaren ospakizuna. Bide batez, jokaldi eder bat borobildu zuen Oiartzabalek, Take Kuborekin eta Ander Barrenetxearekin. Zehazki, donostiarra izan zen iluntzeko izarra, eta bera ari da izaten denboraldi hasierako jokalari erabakigarriena.
Irabaztean gabeziak ahazten direla dirudi, baina ez da horrela izaten. Atzoko neurketak argi-ilunak ere izan zituen, albo batera geratzen direnak. Erasoan eta defentsan askoz hobeto aritu arren, taldeak deskonexio batzuk izan zituen momentu jakinetan. Zorionez, ez zen akats larririk izan, baina oraindik asko landu beharreko taldea du entrenatzaileak.
Bestalde, Umar Sadiq aurrelaria zelairatu izana kritikatu dute zale eta kirol kazetari batzuek, Jon Karrikaburu aulkian utzi zuelako entrenatzaileak. Kadunakoak kluba uzteko borondatea erakutsi du, eta Elizondokoak minutuak nahi eta behar ditu.
Kontuak kontu, eta puntuak puntu, Realak Bartzelonari egin beharko dion bisita zaila zertxobait arindu zuten atzo irabazita.