Aldapan gora egiteko zailtasunak ditu hiriko mugikortasun bertikalak
Donostiako Udalak hiriko hainbat auzotan igogailuak jartzeko proiektuak abian ditu. Dena dela, oraindik ez dute berritu 2017ko Mugikortasun Bertikalari buruzko Plan Gidaria.

Hiriko mugikortasun bertikalaren proiektuak aurrera eramatea kostatzen ari zaio Donostiako Udalari. Askotariko traba eta oztopoengatik, aurreikusitakoak eta haien epeak denboran luzatu dira. Horren adibide garbiena da Antiguako Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotuko dituen igogailu multzoa. Zehazki, lau dira eraiki beharrekoak, baina oraindik ez dute bat bera ere bideratu.
Antiguako igogailu multzoa da lehen postuan ageri dena, 2017ko Mugikortasun Bertikalari buruzko Plan Gidariak jasotzen duen egin beharreko azpiegituren zerrendan. Guztira, 26 dira Plan Gidarian ageri diren proiektuak, eta lehentasunaren arabera daude zerrendatuta —teknikariek egindako puntuazio baten bidez—. Esan moduan, Heriz pasealekuko desnibela gaintzeko igogailu multzoa da zerrendako aurrenekoa. Iraila hasieran, lau igogailuetako lehena egiteko kontratazio espedientea onartu zuen udalak.
Zerrendako laugarren azpiegituraren kontratazio espedientea ere onartu berri dute. Altzako osasun zentroaren inguruan dagoen desnibela gainditzeko igogailuari dagokiona da. Plan Gidariko bigarren proiektua, berriz, Altza-Eskalantegi eremukoa da, eta, hirugarrena, Arriola pasealekukoa. Bada beste bat ekainean bideratu zutena; Easo eta San Roke lotuko dituen igogailua. Eraikitzeko lanak dagoeneko ikusgai daude, eta, ondo bidean, metroa 2026ko udan martxan jartzen denerako prest egotea espero du udalak. Plan Gidariak jasotzen duen lehentasunen zerrendako hamabosgarren proiektua da.
Eguneraketaren zain
2024 eta 2029 urte bitarteko Donostiako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak (HMJP) jasotzen duenez, Mugikortasun Bertikalaren planak berrituta eta eguneratuta egon beharko luke. Hain zuzen ere, 2024an ezarri zuten eguneratzeko epea, eta 30.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten. Udaleko iturrien arabera, oraindik eguneraketa lanekin dabiltza.