Bera Bera lidergoan bakarrik gera daiteke
Donostiako eskubaloi taldeak Atletico Guardesen kontra jokatuko du gaur, Pontevedran (20:00).

Bi talde dira jokaturiko hiru partidak irabazi dituztenak; Bera Berak eta Atletico Guardesek. Ligako sailkapenaren buruan berdinduta daude biak seina punturekin. Beraz, gaur iluntzean irabazteak sari bikoitza dauka, lidergoan bakarrik geratuko delako. Partida polita eta bizia espero da 20:00etan, Pontevedran (Galizia). Izan ere, donostiarren eta galiziarren arteko neurketak oso lehiatuak izaten dira.
Futbolean, Realeko neskak bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko dira bihar, Badalona Women igo berriaren kontra (12:00). Hiru partida segidan irabazita, sailkapen nagusiko hirugarren tokian egonkortu dira ligako onenekin batera. Garaipenez gain, erakutsitako joko maila onak agerian utzi du taldearen iraultzak merezi izan duela. Aldiz, Realeko mutilek neurketa zaila izango dute igandean, Bartzelonaren aurka (18:30). Etxean Mallorca mendean hartu ondoren, bigarren garaipena lortzeko arerio okerrenetako bat izango dute txuri-urdinek. Dena dela, ezustekoa eman dezakete. Zergatik ez?
Belar hockeyan, Realak Zubietan jokatuko du berriz ere, eta pasa den asteburuan lorturiko emaitza errepikatzen ahaleginduko dira. Terrassari irabazi zioten txuri-urdinek, eta, oraingoan, Junior taldearen bisita izango dute bihar, 15:00etan. Sailkapeneko laugarren tokian daude kataluniarrak. Reala, berriz, zortzigarren postuan dago.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Atletico Guardes – Bera Bera (gaur, ostirala, 20:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Badalona Women – Reala (bihar, larunbata, 12:00)
Gizonezkoen liga, 7. jardunaldia
- Bartzelona – Reala (etzi, igandea, 18:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Reala – Junior (bihar, larunbata, 15:00)