'Ciudad sin sueño': Etorkizunik ez duen haurtzaro bat, Madrilen
Perlak
Filma: Ciudad sin sueño.
Zuzendaria: Guillermo Galoe (España).
Zinema ikusten ari garenean, ezin dugu ahaztu, zenbatetan, errazagoa den fantasiazko pelikula bat sinistea, errealitate gordina baino. Madrilgo La Cañada Real auzunean, gizarte kapitalistatik erabat marjinaturik dagoen komunitatea ikusten dugu: argindarrik gabe, urik gabe, etorkizunik gabe. Zaila da sinistea, filmean ikusten dena baino are gogorragoa dela bizitza, oraintxe bertan, Espainiako, Europako eta munduko zenbat eta zenbat tokitan.
Fikzioaren eta dokumentalaren artean, hain sakon dago errodatuta, bereizi ezina dela noiz ari den Tonino gaztea aktore lanetan, eta noiz, besterik gabe, 14 urteko mutil koxkor baten egunerokoan. Ijito familia baten egunerokoa du filmak, babeseko etxe bat eskaini nahi diote eta haien betiko etxetik joatea erabaki beharko dute. Aitonak ezin du jasan. Berak badaki lau pareten artean “kontrolaturik” egon beharko dutela, han ez dagoela askatasunik, askatasuna dela haiek arnasten duten airea eta haizea. Joxe Ripiauren Ijitoen Estigma kantuarekin bezala, erromantizazioan eror gaitezke: “Eta hau dena ez dugulako doktrinarik autoritaterik aberririk onartzen, eta harrotasuna dugulako”.
Etorkizuna suz jantzitako itzal bat da eta koloretako txoriak hegan, zeru koloretsuan. Pobrezia langileriaren kontrol mekanismo bat da, eta Polizia da horren bermea. Etorkizunik ez duten zenbat eta zenbat familia gaur egungo munduan.


