Egokitzapena

Ikasturte hasierak egokitzapena beharko luke. Niretzat gehiegi da. Oraindik ez da udara amaitu. Oraindik eguraldi ona egiten du. Oraindik ez da oso goiz iluntzen. Oraindik ez dira jaiak amaitu! Oraindik ez. Eta, bat-batean, dator. Derrepentean. Abisatu gabe. Irailean sartu bezain pronto, mugikorra lanean hasten da. Whatsappeko mezu bat. Aiba. Mikel da. Zer nahiko du? Kaka! Audio bat da. Orain ez dut astirik entzuteko. Gerorako utziko dut. Ez! Nerea, ez! Badakizu bereziki audioa gerorako uzten baduzu entzutea ahaztuko zaizula! Benga! Geratu eta entzun: «Aupa Nerea, hemen Mikel! Zer moduz udara? Bueno, hasi da ikasturtea eta hemen nator ni zuri proposamentxo bat egitera. Ez dakit ezagutzen duzun proiektu hau…». Bale, lana da. Baina justu iraileko lehenengo astean lasai ibiliko zinela esan zenion zeure buruari. Zinemaldirako gauzak prestatu, erosketa goxoak egin, sofan etzanda egon liburu batekin… Udara osoa gelditu gabe pasatu duzu lanean. Benga, astetxo batean erritmoa jaitsi zenezake. Orain ezin duzu erabakirik hartu. Lanez gainezka zaudela nabaritzen duzu eta… Beste mezu bat. Aiba, nire heldu taldea! Gero begiratuko dut. Beste mezu bat. Ui! June! Nire ikasle nerabea: «Kaixo, Nerea. Antzerkia bihar ze ordutan da?». Eh!? Bihar ez dago antzerkirik! Nolatan dio hau Junek?
Nerea: June! Kaixo. Zer moduz udara? Bihar ez daukagu antzerkirik. Oraindik ez dira klaseak hasi.
June: Ez! Ez! Antzerkira jutekoana.
Nerea: Jutekoana zer?
June: Sarrerena? Irabazi genituenak. Aukeratu genuen nora jun. Zein antzerki ikustera jun.
Nerea: Ah! Ya. Ba ez dakit nik ez nuelako aukeratu. Deskantsu astea da hau neretzat.
June: Ya. Orduan ez dakizu?
Nerea: Ez. Baina begira, Donostia Kulturan sartzen bazera bertan azalduko da ordua.
June: a bale!
Posible lukete beraien artean hitz egin, baita ere. Bueno, hau konponduta… Beste mezu bat. Antzerkiko irakasleena. «Kaixo, ekipo! Zer moduz udara? Deskantsatu duzue? Bueno, hemen nator bileratxo bat egiteko data proposamenarekin. Aurten pixka bat lehenago hasiko ditugu klaseak, beraz, ahal dugun azkarren bildu beharko gara taldeak eta ordutegiak osatzeko. Nire proposamena: datorren asteko osteguna, 10:30ak aldera. Denok ados?».
Nerea: bai.
Bale, bueno, espero zenuen mezua. Datorren astean bileratxo bat. Apuntatut…
June: Nerea! Hau da? (Donostia Kulturako lotura bat txertatzen du).
Nerea: Ba ez dakit. Biharko egunerako hartu zenituzten sarrerak?
June: Bai.
Nerea: Ba hori izango da.
June: Baina ez dakizu?
Nerea: Ez, June. Nik ez nuen sarrerarik hartu. Baina zergatik ez dezu taldean idazten eta horrela zalantza argitzen dezu?
June: Bale!
Nerabeen Whatsapp taldeko mezu bat:
June: Peña! Lo del antzerki bihar da? Zer ordutan da?
Aitziber: Bai, bihar da. 20:00etan.
Xabier: egingo degu kedada lehenago elkarrekin jute..
Bale, taldea isilduko dut zortzi orduz. Moldatuko dira. Ui? Aitziberren mezu pribatu bat?
Aitziber: Nerea!! Noiz hasten dira klaseak? Etorriko zera bihar antzerkira?
Nerea: Ez, maitia. Klaseak 15ean hasiko dira. Oraindik badago tartea.
Aitziber: Bale. Eske aurten igual batzuek ordu aldaketa nahikoa dute zeren EGA prestatu behar dute.
Nerea: Nola?
Mikel: Aupa Nerea! Hemen Mikel! Ez dakit audioa entzuteko tartea izan duzun baina zure erantzunaren zain nago.
Aitziber: Bai eske EGA prestatzeko klaseetara apuntatu dira batzuk eta justu antzerki orduekin kointziditzen dute.
Nerea: Mikel, erdizka entzun dut. Kalean nago gauza batzuk egiten, baina gero entzungo dut.
Mikel: Ados.
Aitziber: Eta noski nik beste egunak okupatuta ditut zeren nere kurtsoa horrela antolatu det.
Nerea: Lasai. Begira datorren astean daukagu irakasleok bilera. Komentatuko degu eta ea soluzionatu genezakeen.
Aitziber: Bale. Baina ezin bada?
Nerea: Bueno aurkituko degu konponbide bat. Oraingoz ez preokupatu. Gozatu bihar antzerkian. Kontatuko didazu ea gustatu zaizuen.
Aitziber: Bale (koala bat bihotz forma egiten azaltzen det sticker bat bidaltzen du).
Iraila egokitzapenerako hilabete izan beharko litzateke. Dena oso azkar doa. Geratu gabe. Baina oraindik udara da! Oraindik beroa egiten du! Oraindik jaiak daude! Agian ni naiz, erritmo moteleko pertsona bat izango naiz. Ez dakit. Baina konturatzerako lanean zaude. Haurrekin, nerabeekin, helduekin. «Oporretan egon zarete? Baaai!!!! Non? Ni Salouen! Ni Sorian! Ni Parisen! Ni Alemanian! Ni nire herrian!! Nerea! Zer egingo dugu klasearen orduarekin? Ni EGAra apuntatu naiz. Eta aurten da ateratzeko urtea. AURTEN! Eta Ingelesa! Eta jada Batxilergoko notek selektibitaterako puntuatzen dute. Beraz, aurten atera behar dut EGA! Aurten! Bueno hori ez da guztiz egia. Eta ez bazenu gaindituko ere beti daukazu berriro aurkeztea. Begira, nik bigarrengoan atera nuen eta… Benga Nerea, nipa! Orain atera behar da! Eske orain da! Bueno, ba erabaki beharko duzu. Aber eske ke presion, Nerea! Lasai, ez da ezer gertatzen, zuk pentsatu benetan zer egin nahi duzun orain eta horren arabera erabaki. Jo, eske nik antzerkia egin nahi dut. Baina eske EGA…».
Bizitza tiktok baten estilokoa dela sentitzen dut batzuetan. Dena azkar. Motz. Konturatzeko, aukerarik gabe
Uf… nik lo besterik ez dut egin nahi. Oraindik ez du goizegi iluntzen. Oraindik beroa egiten du! Oraindik ez dira jaiak amaitu! Baina gurpila aurrera doa, geratu gabe, mugimendu etengabean eta zuk erritmoa hartu besterik ezin duzu egin. Dena doa aurrera. Bizitza tiktok baten estilokoa dela sentitzen dut batzuetan. Dena azkar. Motz. Konturatzeko, aukerarik gabe. Gure inguruan gauzak gertatzen dira, baina ez gara konturatzen. Ez gara konturatzen, adibidez, epaitegietan ez dutela onartu gure langile publikoek , «naranjitoek» kasu honetan, gutxieneko hizkuntz profila edukitzeko beharra. Hausnartu beharreko zerbait dela iruditzen zait. Albiste hau irakurri nuen nire nerabeekin hizkuntz profilaren inguruko elkarrizketa eduki ostean. Kasualitatea, baina zer pentsatu ematen dit. Zein mezu ari gara heldu gisa helarazten? Gure nerabeei helduok betetzen ez duguna eskatzen diegu. Eta ez gaizki ulertu, gure nerabeek euskara maila ona edukitzaren alde nago, baina non dago gure ardura? Non dago gure instituzio publikoen ardura? Nik pentsatzen dut… Ostras!! Ez diot Mikeli mezua erantzun! Kaka! Bale, audio bat bidaliko diot: «Kaixo, Mikel! Barkatu! Iraila, badakizu. Dena dator aldi berean eta ezin ideiak ordenatu. Begira, entzun dut zure audioa eta…». Uf! Egokitzapena behar dut.