Iraganeko mamua suspertu nahian dabiltza
Memoria hurbila gero eta presenteago dute Realeko zaleek. Duela hemezortzi urte, talde txuri-urdina bigarren mailara jaitsi zen, 40 urte luzeren ondoren. 2006-2007ko denboraldi latz hartan, 15. jardunaldira arte ez zuten partidarik irabazi.

Galtzea ez da inoren gustukoa, irabazteak soilik balio duenean. Partidak, konfiantza, izaera… galtzea kezkagarria da. Dena dela, maila da galdu nahi ez dena. Horregatik, Realaren zaleak oso kezkatuta daude taldearen denboraldi hasierarekin. Iraganeko mamuak suspertzen ari direla uste dute batzuek, eta beste batzuk mamu horiek iratzarri nahian dabiltza. Datuak eta estatistikak gogora ekarri dituzte izua areagotzeko.
Realak ez du neurketarik irabazi denboraldiko lehen bost partidetan. Bi berdindu eta hiru galdu ditu. Antzekoa gertatu zen 2006-2007ko sasoi lazgarri hartan, baina ez zen erabat berdina izan. Neurketa bat berdindu eta lau galdu zituzten txuri-urdinek. Ordea, denboraldi haren bukaeran maila galdu zuen Realak —2007ko ekainaren 17an—. Astekari honen edizioa ixterakoan, Mallorcaren kontrako seigarren jardunaldiko norgehiagoka jokatu gabe zegoen. Beraz, atzera begirako hau irakurtzen duzunerako, mamua urrunago egongo da, edo, bestela, etxeko atean.
Entrenatzaile dantza
Ezer onik ez zen gertatu aipaturiko denboraldi ahaztezin hartan. Askok ahaztu nahi duten arren, oso presente izan beharrekoa da, batez ere, Realak azken urteotan izan dituen une gozoengatik. Orain, gazitu eta mindu badira ere, ordukoa da egin behar ez denaren eredu. Jose Mari Bakero entrenatzailearekin abiatu zuten sasoia, eta emaitza kaskarrengatik kanporatu ostean, Miguel Angel Lotinak hartu zuen haren lekua. Arazoa ez zuen arindu edo konpondu, areagotu baizik.
Horrela ere, txuri-urdinak mailari eusteko aukerekin iritsi ziren azken jardunaldira. Ordea, Valentziaren kontra Mestallan berdintzeak ez zuen maila galtzea saihestu.