Pilota jokoen artean zaharrenari gorazarre egingo diote
Bihar eta etzi egingo dute Zubietako Errebotearen Eguna. Eragile askoren arteko elkarlanaren bidez antolatu dute, eta errebote jokoaz gozatzeko aukera paregabea izango da.

Errebotea omenduko du Zubietak, asteburuan. Pilota jokoaren eta herriaren arteko lotura aspaldikoa da, eta ezin daiteke bata bestea gabe ulertu. Horrela uste du Mikel Bengoetxeak, Zubietako pilota elkarteko arduradunak: «Guretzat, errebotea eta Zubieta elkar lotuta daude. Zubietari errebotea kentzen badiozu, edo egunen batean galtzen bada, beste herri bat izango litzateke. Ez nuke Zubieta hori nahi». Hain zuzen ere, jokoari gorazarre egiteko antolatu dute Zubietako Errebotearen Eguna.
Eragile askoren arteko elkarlanaren bidez antolatu dute. Izan ere, 650 Usurbil Bizi, Zubieta Pilota Elkartea, Donostiako eta Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak batu dituzte indarrak aurrera eramateko. Bi eguneko egitaraua prestatu dute, erreboteari «merezi duen» ikusgarritasuna emateko. Biharko jarduera esanguratsuena Errebotea. Plaza-joko baten muina bideoaren emankizuna izango da (21:00). «Azken batean, Errebotearen Eguna ospatzearen oinarria da. Zubieta pilota eskolakoak elkartu ginen errebotea zer den erakusketako. Izan ere, Zubietan bertan bada errebotea bera zer den ulertzen ez duenik, eta nola jokatzen den ez dakienik», azaldu du Bengoetxeak.
Errebotearen arauak azaltzeko dokumentu txukun bat prestatu zuten, baina bideo bat egitea aproposa zela pentsatu zuten pilota elkartekoek. «Bideoarekin batera, errebotearen inguruko festa bat antolatzea egokia izan zitekeela ikusi genuen, eta hori da astebururako antolatu duguna. Bideoak ez du azaltzen errebotea historikoki nondik datorren, praktikoagoa izatea nahi genuelako. Hau da, pilota modalitate hau zer den eta nola jokatzen den», dio Bengoetxeak.
Biharko dibulgazio saioaren ostean, etzi praktikara eramango dute errebotea. 09:00etatik aurrera, Enrike Abril txapelketako bi partida jokatuko dituzte Errebote plazan. Batetik, Zubieta 1 eta Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi) nor baino nor ariko dira, eta, bestetik, Zubieta 2 eta Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea). Gipuzkoako pilota eta kirol txapelketa zaharrenetakoa dela nabarmendu du Bengoetxeak: «Pentsa, 62. edizioa da jokoan dagoena. Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko taldeek jokatzen dute. Irailarekin batera hasi, eta urria bukaerara arte luzatzen da, eguraldiak laguntzen badu, noski».
Ikusgarritasun falta
Esan moduan, errebotea da pilota joko zaharrenetakoa, eta garai batean Gipuzkoako hainbat herritan jokatzen zen. Gaur egun, ordea, soilik hirutan: Zubieta, Villabona eta Oiartzun. Ipar Euskal Herrian hedapen zabalagoa du, dozena bat herritan praktikatzen delako. «1936ko gerrak errebotea ia desagerrarazi zuen Gipuzkoan, baina 1950eko hamarkadan berreskuratu zen. Hainbat urtez mantendu ahal izanak erakusten du meritua badugula. Horregatik, errebote jokoa omendu nahi dugu, hainbeste urtetan gure herri txikian mantentzeko gai izan garelako», adierazi du Bengoetxeak.
Errebotea hauspotzeko zailtasunak dituzte, Zubieta «herri txikia» delako eta errebotea «kirol minorizatua». «Gazte gutxi ditugu herrian, eta gainerako kirolak konpetentzia zuzena dira. Batez ere, futbola. Horrek zailtasunak sortzen ditu, baina mantentzea lortu dugu», nabarmendu du Bengoetxeak. Bestalde, beste pilota modalitate batzuk ikusgarritasun gehiago dutela deitoratu du: «Batez ere, esku-huskak, telebistan eskaintzen delako. Edozein gaztek izan nahi du Jokin Altuna bat. Zesta eta beste modalitate batzuek badute abantaila bat, frontoi estali batean egiten direlako. Errebotea, berriz, plaza librean da, horri gehitzen badiozu eguraldiaren faktorea… Jakina da, Euskal Herrian bizi garela. Horrek beste zailtasun bat gehitzen dio».
Dena dela, errebotea eta Zubieta bizirik daude, eta elkarrekin aurrera jarraituko dute. Horren eredu, bihar eta etzi egingo duten Errebotearen Eguna.