'Zeru Ahoak': edo emakumeak gorroto dituzten gizonak

Sail Ofiziala (lehiaz kanpo)
Telesaila: Zeru Ahoak.
Zuzendaria: Koldo Almandoz (Donostia).
2010eko hamarkada hasieran, oso modan jarri zen Los hombres que no amaban a las mujeres eleberri trilogia. Stieg Laarsonek idatzia, Män som hatar kvinnor da berezko izenburua. Alegia: emakumeak gorroto dituzten gizonak. Beti haserrarazi izan nau hizkuntzaren bidez errealitatea desitxuratzeko behar hori –are gehiago komertziala denean asmoa–. Miren Gaztañaga izan daiteke gure Lisbeth Salander, motoan, justiziatik ihes egiten duen ekintzailea. Nerea Garcia Garcia inspektore erretiratuaren (Nagore Aranburu) ahizpa da Laura (Gaztañaga), eta Ertzaintza atzetik du goi mailako prostituzio trama batean muturrak sartu izanagatik.
Lau kapitulutan trama piztu eta urratsez urrats dena gero eta gehiago kakazten ari denaren sentsazioa izango du ikusleak. Eta gauza oso, baina oso garrantzitsu batekin: klixerik gabeko lan batekin. Eta esango nuke ez dela horren ohikoa, oraindik, gure zineman. Basque Noir kategoriari zor zaion moduan, umore garratz puntu bat ez zaio falta: “Dena eta ondo esaldi berean ezin dira esan”.
Entretenitzeko pentsatua dago eta entretenitzeko balio du. Istorioan sartu, eta amaitu arte ez zara ateratzen. Esango nuke helburua ez dela erraza. Nazioarteko ikus-entzunezkoekin lehiatzen baitu gure irudimenak eta erraza da acting erdipurdikoak, hala moduzko lokalizazioak, gidoi salto zalantzagarriak edo merke-zurrean egindako arteak istoriotik ateratzea ikuslea. Hondar Ahoak-en gertatu nola, Zeru Ahoak-en ez da hori gertatzen, dauden baliabideekin lan borobila eskaintzen da, istorioaren mesedetan.
Aurrekoan, Ondarroa protagonista bat gehiago zen telesailean. Oraingoan, Bilbon girotu arren, pisu gutxiago du hiriak, eta, akaso, horregatik, pertsonaiengana gehiago hurbiltzeko aukera dugu. Ez dakit lerro hauetan esateak zentzua baduen —irakurlea jakinaren gainean egongo baita honezkero—, baina Nagore Aranbururen lana bikaina da. Eta zer esan Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Jon Ander Urresti, Josean Bengoetxea edo Ramon Agirreren lanei buruz.
Spoilerrik ez dago lerrotan, baina eskertu dut zinema sozialaren edo zinema politikoaren etiketetatik urrundu nahi arren, botere logikak ikustaraztea: ustelkeria, polizia indarkeria, gizonen biolentzia, gizon dirudunen biolentzia… Eta jarraitzen du horri buruz izan gabe. Telesailaren muinean, badago Nerea inspektore ohiak bizitzaren aurrean duen bidegurutzea, denona izan daitekeena: damutu daiteke bat gertatu ez den zerbaitez?
“Zeru gehiegi” ikusten ditu Nereak. “Inoiz ez da zeru gehiegi”, erantzungo diote. Bilboko estoldetatik ikus daiteke mundua hankaz gora jausten. Eta horren aurrean aukera egin behar da. Laurak ondotxo daki zein den ataka: “Zein bandotan zauden jakin nahi nuen”.