Agitiko arrain hazitegian algak hazteko proiektua aurkeztu dute

Gertuago dago Agitiko kalako (Igeldo) arrain hazitegi zaharra biziberritzeko aukera. Aste honetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Blue Reef Algae S.L. enpresaren mikroalgak eta makroalgak ekoizteko proiektua jendaurrean jartzeko ebazpena argitaratu du, alegazioak egiteko 30 eguneko epearekin.
Blue Reef Algae enpresak bultzatutako proiektu honen helburua Agitiko arrain haztegi zaharrean itsas algak ekoiztea da, itsas uretan mikroalgak eta makroalgak hazteko erabiliz. 2024ean aurkeztu zen proiektuan, Dunaliella salina-ren laborantza intentsiborako baimena eskatu zuen enpresak. Itsas mikroalga horrek aplikazio esanguratsuak ditu lurzoruaren emankortasuna hobetzeko, landareen hazkundea sustatzeko eta laboreetan gaixotasunak eta izurriak kontrolatzeko, bai eta nutrikeutikoak, kosmetikak, nekazaritzako bioestimulatzaileak eta biomaterialak ekoizteko ere.
Oiartzungo Anaut Patterson Mendiola biologiaren Algaloop enpresak sustatu du proiektua. Algaloopek algekin egindako elikadura-osagarriak eta kosmetikoak komertzializatzen ditu, eta, Pattersonen hitzetan, etorkizuneko elikaduraren oinarrietatako bat izan daitezke algok.
Proiektu horren ikuspegi nagusia hainbat lan-ildotan oinarritzen dela zehazten da txostenean: Kantauri itsasora egokitutako tokiko makroalga espezieen eta espezie exotikoen laborantza (Palmaria palmata, Codium bursa, Codium tomentosum, Chondrus crispus, Alaria esculenta, Porphyra umbilicalis, Gracilaria gracilis, Fucus spiralis, Sargassum muticum, Ulva lactuca, Osmundea pinnatifida, besteak beste); arribazoien bilketa selektiboa iraunkortasun eta trazabilitate irizpideekin; biomasaren prozesamendua produktu fresko, deshidratatu, izoztu, gatzunetan eta sukalderako osagai altu gisa; konposatu bioaktiboen erauzketa: ficobilproteinak, fucoxantina.
Agiti, urteak abandonaturik dagoen hazitegia
Eguzki talde ekologistak egindako lanari esker, Gipuzkoako Batzar Nagusiek maiatzean eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari “ahalik eta lasterren has daitezela Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko izapideak”. Ebazpen berean, Batzar Nagusiek Jaurlaritzari eskatu zioten enpresari “eska diezaiola bete ditzala legez eska dakizkiokeen lehengoratze neurriak, eta, hala badagokio, helburu hori ahalik eta lasterren lortzeko subsidiarioki jardun dezala”. Halaber, Batzar Nagusiek Donostiako Udalari eskatu zioten Agitiko kala leheneratzeko “lankidetza aktiboa izan dezala”.
1989an eraiki zen 21.424 metro koadro dituen partzelan arrain hazitegia, erreboilo eta almejak hazteko. Culmanor enpresak 2006an itxi zituen ateak, eta, urte batzuk beranduago itsas amuarrainak hazteko proiektuak ez zuen aurrera egin, ez eta bakailoa loditzeko proiektuak ere.