Altzako 202 etxebizitza erabat birgaituko dituzte urtea bukatu baino lehen
Zortzi eraikin eta etxebizitza atxiki bat hartuko ditu barne proiektuak, eta guztira 15,1 milioi eurokoa izango da inbertsioa.

Altzako berroneratze integraleko lanek aurrera jarraitzen dute. 2024ko bigarren hiruhilekoan hasi zituzten, eta, gaur, Altzan izan dira bisitan Eneko Goia alkatea, Ane Oiarbide Ekonomia zinegotzia eta Denis Itxaso Etxebizitza sailburua. Hain zuzen ere, Altzakoa da Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak ekonomikoki sustaturiko operazio handienetako bat. 15,1 milioi eurokoa da inbertsioa, eta, horietatik, 9,2 milioi euro jarri ditu Jaurlaritzak, eta 3,2 milioi euro udalak. Horrez gain, herritarrek ere egin dute ekarpena: 2,6 milioi euro.
“Altzako inbertsio hau ez da soilik obra urbanistiko bat. Halako proiektuen bidez, erakundeen lankidetzaren bitartez, herritarrekin dugun konpromisoa adierazten dugu, espazio hauek bizigarriak, irisgarriak eta energetikoki eraginkorrak izaten jarraituko dutela ziurtatuta, hala Altzako auzotarren bizi kalitatea eraiki berri den edozein auzotakoaren berdina izango dela bermatuta”, adierazi du Itxasok.
Bestalde, Goiak esan du egindako inbertsioa “udalak azken urteotan hirian egin duen hiri-birgaitzearen programarik garrantzitsuena” dela, eta “funtsezko alderdi bat hobetu duela, hala nola Donostiako berrehun etxebizitzaren energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna”. Gainera, erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du: “Administrazioek elkar ulertzen dugunean, onuradunak herritarrak direla erakusten du”. Altzako auzotarrei eskerrak eman dizkie: “Proiektuak aurrera egiteko izan duten inplikazio eta pazientziagatik, eta, aurrekontuek aukera ematen duten guztietan, hiriko beste eremu batzuetan antzeko esku-hartzeak egiteko konfiantza”.
Birgaitze prozesuan parte hartu duten etxebizitzen energia eraginkortasuna asko hobetu da; batez besteko eraginkortasuna %60 baino gehiago hobetu da. Familien aurrezpen ekonomikoari dagokionez, %60 ingurukoa da, eta erosotasuna eta bizigarritasuna hobetuko dira. Batez ere, bizi-baldintzak nabarmen hobetuko dira irisgarritasuneko hobekuntzak direla eta, batez ere adinekoentzat. Proiektu honetan, eraikin guztiek hobetu dute irisgarritasuna.
Auzoa eraldatzeko sei jarduketa
Altzaren berroneratzea sei jarduketa handiren inguruan egituratu da, eta etxebizitzetan esku hartzeak, hurbileko zerbitzuak, espazio publikoak eta jasangarritasuna uztartzen dituzte. Eusko Jaurlaritzaz gain, hainbat udal sailek ere aktiboki parte hartu dute, hala nola, Donostiako Sustapenak, Donostiako Etxegintzak, Lanak eta Proiektuak eta Ingurumena Sailak.
Lehenengo lan ildoak bizitegi eraikinak sakon birgaitzea izan du oinarri; guztira, 202 etxebizitza birgaitu dira, zortzi jabe erkidegotan eta etxebizitza atxiki batean, auzoko eremu zaurgarrienetan. Obra horiek urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusi da, eta eraikinak erabat eraldatuko dira: irisgarritasuna, energia eraginkortasuna, bizigarritasuna eta suteen aurkako babesa hobetu egingo dira.
Gainera, eraikinen egonkortasuna sendotzeko eta irisgarritasuna bermatzeko esku hartzeak egin dira, egungo araudiari jarraiki. Hori funtsezkoa da 1981. urtea baino lehen etxebizitzen %85 baino gehiago eraiki ziren auzoan. Jarduketa horiek errazteko, 5,9 milioi euro bideratu dira laguntza orokorretara, eta beste 531.000 euro, irizpide sozialen arabera banatuta. Horri esker, behar handienak dituzten 52 familiaren eskaerei erantzun ahal izan zaie.
Aurreikusitako jarduketa batzuk oso aurreratuta daude dagoeneko. Txapiñene 1 eta Elizasu 6 zenbakietan obrak %95ean daude egikarituta, hau da, ia bukatuta daude. Aipatzekoak dira, halaber, Elizasu kaleko 19, Altza pasealekuko 10 eta Erroteta kaleko 6 zenbakian egingo diren jarduketak; obraren %85 egikarituta dago. Azken bietan, igogailu berri bat jarriko da fatxadako lerrokaduratik kanpo. Tarteko egoeran daude Erroteta Goikoa 2 zenbakiko lanak. Dagoeneko %80 egikaritu da, eta kanpoko igogailu berri bat dauka. Eta, azkenik, Arriberri 2 taldea —kanpoko igogailu berri bat eraikitzen ari dira— eta Elizasu 8 —obraren % 75 aurreratu da— ditugu. Hala eta guztiz ere, eta kontuan izanik obra guztiak ez zirela aldi berean hasi —jabeen erkidego bakoitzak bere aldetik kontratatzen baitu berea—obra horiek egiteko ezarritako gehieneko epea 2025eko abenduaren 31 da.
Aldi berean, Hurbileko Bulego Teknikoa eta Kudeaketa Bulegoa (Opengela) jarri dute martxan Eusko Jaurlaritzak eta Udalak, Erroteta Goiko Kalea 21ean. Gune horrek, Opengela programaren ereduari jarraiki, aukera ematen du herritarrek hurbileko laguntza profesionala birgaitze prozesu osoan izateko, eta erreferentzia-puntua da izapideak egiteko, informazioa emateko eta zalantzak argitzeko.
Hirugarren jarduketaren helburua da hiri ingurunea berrurbanizatzea eta hobetzea, degradatutako espazioak berreskuratzeko eta oinarrizko ekipamenduetarako irisgarritasuna errazteko. Ubideak birnaturalizatzeko eta berreskuratzeko lanak egin dira Auditz Akularren, eta aurreikusita dago Larreseko ibarrean amiantoak kutsatutako lurzoruak berreskuratzea, eta hala ingurumen hobekuntza handia egingo da. Era berean, aurrera doaz Ederrena plaza eta Herrerako frontoirako sarbideak birnaturalizatzeko lanak, auzokoek erabiltzeko espazio atsegin eta berdeagoak sortzeko asmoz. Irisgarritasunaren arloan, hobekuntzak egingo dira Altzako anbulatoriora zein Harri Berri ikastolara doazen ibilbideetan, hala auzoko ehunka familiaren egunerokoa hobetzeko.
Proiektuak jasangarritasun energetikoaren aldeko apustu irmoa ere egin du, tokiko komunitate energetikoak eratuta. Esparru horretan, instalazio fotovoltaiko bat jarri da Altzako ikastetxe publikoaren estalkian. Dagoeneko auzoko 13 eraikin eta instalazio publiko hornitzen ditu, eta urtean 98.075 kWh inguru sortzen ditu. Gainera, Altzako kiroldegian beste eguzki-instalazio bat jartzen hasi dira. Urtean 377.505 kWh ekoitziko ditu, autokontsumo partekatuko ereduaren arabera, eta horrek mesede egingo dio ekipamenduari berari eta udalaren beste hornidurei.
Bosgarren esku hartze ildoa etxebizitzen digitalizazioari dagokio. Erosotasun eta kontsumo datuen sentsore eta monitorizazio sistemaren bidez, barruko airearen kalitateari buruzko erregistroak jasotzen ari dira denbora errealean, parametro hauek barne hartuta: hezetasuna, tenperatura, CO2 mailak eta energia kontsumoa. Hala, familiei tresna bat eskaintzen zaie esku hartzeen aurreko eta ondorengo datuak alderatzeko, eta, energiaren erabileraren eraginkortasuna hobetzeaz gain, zuzenean eragingo du osasunean eta etxeko erosotasunean. Gainera, etxebizitzak kontsumitzen duen energia erabiltzeko informazio gehiago izango dute erabiltzaileek.
Azkenik, auzoko paisaia eta natur ondarea ere landuko dira, Lau Haizeta parkeko jarduketen bidez. Karteletako elementuak berritu dira, eta ingurumen ibilbide berriak diseinatu dira, ingurunea interpretatzen laguntzen duten QR kodeen bidez. Halaber, maiztasun-azterketa egin da, Altzako bizilagunak asko ibiltzen diren naturagune horretan etorkizunean hobekuntzak egiteko.
Altzak 20.000 biztanle inguru ditu (hiriko biztanleen % 10,7), eta 8.900 etxebizitza baino gehiago 1.181 ataritan banatuta; Donostiako hirugarren auzorik populatuena eta dentsitate handiena duena da. Bizitegi parkearen % 85 baino gehiago 1981a baino lehen eraiki zen, eta, beraz, ezinbestekoa da birgaitzeko eta modernizatzeko inbertitzea.